GARA > Idatzia > Ekonomia

CCOOk salatu du banaketa sindikalak SEAren «harrokeria» indartzen duela

Arabako Metalgintzan SEA enpresen erakundeak erakusten duen «harrokeriak» negoziazio kolektiboa gelditu duela salatu zuten CCOOko sindikatu-ordezkariek. Gainera, ELAk sortutako banaketa sindikalak enpresen jarrera hori indartzen duela uste du CCOOk.

GARA |

Arabako enpresaburuek Metalgintzako herrialdeko hitzarmenaren negoziazioan erakutsi duten «harrokeria» eta aurretik irabazitako lan eskubideak urratzen ari direla salatu zuen CCOOk. Sindikatu-ordezkariek bilera bat egin zuten Gasteizko Goiuri jauregian, eta, ondoren, Andra Mari Zuriaren plazan elkarretaratu ziren.

Roberto Ortega CCOOko Metalgintzako Federazioaren idazkariak esan zuenez, sektorean negoziazioa geldirik dago, eta laugarren urtez saiatzen ari dira lurraldeko hitzarmenean adosten. Horregatik, egoera «kezkagarria» dela adierazi zuen.

Ortegak SEAren «axolagabekeriari» egotzi zion arazo hori, Arabako industriaren etorkizunarekin «jolasten» ari delako. Kritika horiek Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresen erakundeei egin zizkien, hiru lurraldeetan «jarrera bera» dutelako.

Ezer erakargarririk ez

Enpresak ondo doazela eta etekin handiak dituztela baina langileek 2003ko soldatak izaten jarraitzen dutela salatu zuen. «Negoziazio kolektiboa blokeatuta dago enpresaburuek ez dutelako mahai gainean langileentzako ezer erakargarririk jarri nahi», azaldu zuen.

Ortegaren esanetan, Araban enpresa batzuk lan-kostuak produktuen prezioetan sartzen ari dira; beste batzuk, berriz, ez. Ondorioz, «industrian hondamendia» sor daiteke, bai langileentzat, baina baita enpresaburuentzat. Ortegaren ustez, enpresaburuek epe motzean baino ez dute pentsatzen, eta ahalik eta etekin handienak lortzeko une egokia ikusten dute, sindikatuen banaketagatik.

CCOOk ELAren jarrerari egotzi zion banaketa hori, esan zuenez, ez duelako sektoreko hitzarmenen alde lan egin nahi. Horregatik, batasun sindikal handia behar dela esan zuen. Bestela, «oso zaila» da enpresariek mahai gainean «zer edo zer ona edo, behintzat, normala» jartzera behartzea. CCOOk sindikatu guztien ordezkarien mobilizazioak egitea proposatu du, baina ELAren «proposamen maximalistak» aurkitu dituzte Gipuzkoan, hitzarmena ez duten langileentzat lau eguneko grebara deitu baitute, eta bosgarren bat denentzat; hala, «langileak zatitu» dituztela esan dute.

Ortega «beharrezkoa dena» egiteko prest azaldu zen, baina beti lurraldeko hitzarmenaren alde, eta ez du nahi langileek «itxaropen faltsuak» izatea batasun sindikala ez badago.

GREBA

Mobilizazio gehiago egiteko prest dago CCOO, baina oraindik ez du ikusten greba batera deitzeko beharrezkoa den batasun sindikala. Enpresaburuentzat «paregabeko egoera» dela aitortu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo