ELECCIONES EN EUSKAL HERRIA
PSEk irabaztea eta EAren errezeloak, hirukoa osatzeko traba nagusiak
Miguel Buenek berak onartu zuen atzo: Gipuzkoako Aldundia osatzeko lanak ez dira errazak izango. PSE bozkatu zuten gehien gipuzkoarrek, baina EAJk, gainbehera handia jasan eta hirugarren indarra izanagatik, hirukoaren (edo laukoaren) formula mahai gainean jarri du jada. Baina bazkideen oniritzirik ez du oraindik.
Mikel JAUREGI |
PSEk eta EAJk, hamaseina batzarkide; EAk, zazpi; eta EB-Aralarrek eta PPk, seina. Hori da, EAE-ANVren zerrenden ilegalizazioaren eta bere bozen baliogabetzearen ondorioz, Gipuzkoako Batzar Nagusiek datozen lau urteotan izango duten osaketa. Zenbaki horien arabera, eta Markel Olano hautagai jeltzaleak agertutako nahiari erreparatuz gero, erraza dirudi Foru Aldundian nor egon daitezkeen asmatzea. Edo ez.
Igande gauean bertan, beren alderdiak herrialdeko hautestontzietan jasotako jipoia ezagutu ostean, Olanok berak eta Joseba Egibarrek argi asko utzi zuten zein den EAJren xedea, behin eta berriz ahaldun nagusigaiak kanpainan zabaldutakoa: Lakuako Gobernuaren formula Gipuzkoara ekartzea (EAJ, EA eta EB, kasu honetan Aralarrekin batera). «Gipuzkoak horrela bozkatzen du, eta hauteskunde hauetan ere erdiko bide hori berretsita geratu da. Gure alderdiak norabide horretan egingo du lan», adierazi zuen GBBko presidenteak, eta honakoa gaineratu zuen Olanok: «Beharrezko urratsak egingo ditugu eremu hori errotzeko». Bea- saindarrak esana zion GARAri, elkarrizketa batean, M-27aren biharamunean egingo zuen lehenengo gauza «EAri, EBri eta Aralarri deitzea» izango zela.
Baina Gasteizen gobernukide duen eta orain lau urte koalizio-lagun izan zuen Eusko Alkartasunaren iritzia ez dago hain argi. «Desio bai, baina errealita- tea...». Esaldi horri eutsi dio kanpaina osoan Iñaki Galdosek. EB-Aralarrekin batera foru gobernua osatzearen aukerarekin errezeloak agertu ditu oñatiarrak, alderdi horiek, atzean utzi berri dugun legegintzaldian, Gipuzkoarentzat «estrategi- koak diren proiektuen gainean» azaldu duten jarrera dela-eta. Errauskailuaz mintzo zen, AHTz eta «euskal Y»az, Pasaiako kanpoko portuaz... «Nahiko nuke, baina zail ikusten dut gobernu-akordioa lortzea. Egunean eguneko kudeaketan %90ean desadostasunak izan ditugu», azaldu zion egunkari honi.
Urrunago ere joan zen: «Sarritan, gehiegi hitz egiten da itunen gainean bulego hanpatuetatik edota estrategen arbeleta- tik. Errealitatetik gertuago gaudenok badakigu norekin gauden ados eta norekin ez. Ez dut aterik ixten, baina, adibidez, EA eta EAJ Gipuzkoan EB eta Aralarrekin gobernuan egon gaitezen, hauek aldaketa garrantzitsuak egin behar dituzte».
Jakina, adierazpenok emaitzak ezagutu aurretik eginikoak dira, jelkideen eta Begoña Erraztiren alderdikideen gainbehera, hain nabarmena bederen, apenas inork suma zezakeenean (horrek eraman zuen atzo oñatiarra autokritikara eta «abertzaletasun instituzionalak diskurtsoa eguneratu behar» duela esatera). 2003an lortutako ge- hiengo osoa urrun geratu zaie eta, akaso, aldez aurretiko solas horiek ahaztu beharrean izango dira Galdos eta enparauak.
Garailearen mezua
Hirukoaren hirugarren hanka izango litzatekeenaren jarrera ezagutzea falta da. «Herria ezkerrera ekarri» izan da EB-Aralar koalizioaren leloa, eta bere xedea, besteren artean, Gipuzkoako orain arteko gehiengo osoari amaiera ematea zela nabarmendu zuten atzo bertan Javier Madrazok eta Jon Abrilek. Orain arte, baina, isil antzera egon da foru gobernuan sartzeko aukeraren inguruan; ez du argitu zertarako prest legokeen. Aldundia eta horren politika «ezkerreratzeko» modua ikus dezake, baina proiektu handiak daude mahai gainean, urte askotako egitasmoak, eta EAk, hitzez behintzat, ez dio horiek kolokan jartzeko (jarri nahi baditu) tarterik utzi nahi izan.
Hirukoak hiruko, ordea, PSE izan da Gipuzkoan boz gehien bildu dituena. Eta irabazle moduan hitz egin zuen atzo Miguel Buen zerrendaburuak, «erantzukizun osoz». «Aldundi indartsua osatzen saiatuko naiz, herritarren benetako beharrei erantzungo diena. Guztiena, botoa eman didatenena eta bozkatu ez nautenena». Bere iritzian, «Aldundia kudeatzeko moduan aldaketa» nahi dutela islatu zuten gipuzkoarrek herenegun, eta horregatik «elkarrizketaren unea» dela iritzi zion, «Gipuzkoaren aldeko elkarrizketarena».
Hala ere, gobernua hartzeko arerio gogorra duela jakin badaki errenteriarrak, EAJk ez baitu amore emateko inolako itxurarik -Gipuzkoako Aldundia galtzea kolpe ikaragarria litzateke jeltzaleentzat-. Eta bi alderdiok elkarrekin ikustea, egun, zail egiten da, areago Olanok hirukoaren, edo laukoaren, aldeko hain apustu garbia egin duenean. Eta PPren babesa ez luke nahikoa PSEk. Ez dira kudeatzeko errazak herrialdeko emaitzok -Buenek berak onartu zuen atzo-, eta itxura guztien arabera EAJk abantaila hartua du Aldundia helmuga duen lasterketan.
Elorzaren «bi aukerak»
Donostian argixeago ageri dira kontuak. Odon Elorza berriz ere alkate izango da, eta zehazteke dagoena da bere gobernuak noren sostengua izango duen. Baina atzo alkateak berak «bi oinarrizko aukera» daudela esan zuen: EB-Aralarrekin ituna egin edota EAJrekin. «Baina hobe da denbora hartzea, egun pare bat, gogoeta egiteko eta ondorioak ateratzeko. Gauza asko esan dira, eta kanpainek zauriak utz ditzakete», ohartarazi zuen.
Elorzak alboratuta du PPren aukera, eta horrek ere argi ditu lehentasunak: «Ahal duguna egingo dugu ANVk alkatetzak har ez ditzan». Ez du erraza izango, Gipuzkoari dagokionez, gehiengo osoa baitu Aizarnazabalen, Adunan, Alegian, Anoetan, Itsasondon, Legorretan, Lezon, Oiartzunen, Orexan eta Ikaztegietan. Beste 13 udalerritan ere gailendu da: Hernanin, Arrasaten, Bergaran, Urretxun, Legazpin, Pasaian... Hauxek bilaka daitezke Maria Jose Usandizaga «popularrak» azaldutako helburu hori betetzeko gainerako indarrek zein borondate duten ikusteko agertoki.
Gipuzkoarrek hautestontzietan azaldutako borondatearen arabera, PSEk eta EAE-ANVk 12na ordezkari izango lituzkete Batzar Nagusietan; EAJk, 11; EB-Aralarrak, 6; eta EAk eta PPk, 5na.
Miguel Buenek, ahaldun nagusigai bozkatuenak, «erantzukizuna» hartu eta «Aldundi indartsua osatzen saiatuko» dela esan du, «herritarren benetako beharrei erantzungo diena». Elkarrizketaren unea dela uste du.