ELECCIONES EN EUSKAL HERRIA
EA: boto galera handia Gipuzkoan eta emaitza gazi-gozoak udaletan
GARA | BILBO
Zalantza handiak zeuden EAren emaitzen inguruan. Izan ere, Begoña Erraztik zuzentzen duen alderdiak, hiru urteren ostean, koalizioan joan gabe parte hartu baitzuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2004ko emaitzekin alderatuta, EAk Araban eta Bizkaian boz kopurua mantendu du, baina ezin uka daiteke emaitza horien atzean egoera gazi-gozoak daudela talde politiko horrentzat.
Horiek hala, Bilbon zuen ordezkaritza galdu du EAk -Jon Aritz Bengoetxea zinegotzia-, baita Bermeoko Udala ere, alderdi horretarako erabat enblatikoa izan dena. Hala ere, oraingoan EAJri Gernikako Udala kendu dio, eta udal hauteskunde hauetako ezusteko handienetarikoa izan da. Horrez gain, EArenak ziren beste udal batzuetan gobernatzen jarraituko du, Zarautzen edo Deban, baita Nafarroako iparraldeko udalerri batzuetan ere.
Hala ere, Begoña Erraztik aitortu bezala, alderdiak ez ditu aurreikuspenak bete. Horren arrazoi nagusia zein den jakiteko Gipuzkoara jo behar da. Bertan, azkeneko aldiz bakarrik aurkeztu zen bozketekin konparatuta, kasik 10.000 boto galdu ditu. Gainera, herrialde horretan daude EAJrekin koalizioan joatearen aldeko gehienak, eta beharbada hori pagarazi diote EAri. Bestetik, zazpi batzarkide izango ditu.
Azkenik, pozik agertu ziren Nafarroa Baik izan dituen emaitzekin. Izan ere, bai Iruñeko Udalari, bai Nafarroako Parlamentuari buruz Erraztik honako hau adierazi zuen: «Nafarroako eskuin gogorrenaren Gobernuari buelta eman diezaiokegu, beste aldeko alternatiba eskainita».