Aizkora Urrezko Lehiaketa
Olasagasti eta Nazabal izango dira aurrez aurre
Adituen ustez Etxarrikoa aterako da faborito, baina gipuzkoarrari irabazteko lana ongi egin beharko du
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Urrezko aizkolarien finala igande eguerdian jokatuko dute Azpeitian, Landeta kiroldegian eta bertan izango dira nor baino nor Floren Nazabal eta Joxemari Olasagasti.
Floren Nazabal da irabazteko faboritoa, baina Etxarrikoak gauzak ez ditu horren garbi ikusten: «Nik neure lana ongi egiten baldin badut, hor ibiliko naiz, baina finalak beti izaten dira bereziak, eta Olasagasti ere ongi dabil», esan zuen Etxarriko aizkolariak.
Nafarrak sasoiko dagoela erakutsi du, finalean izateaz gain, orain dela bi aste marka ederra egin baitzuen kanako enborrarekin: «Egia esan, ongi nago eta gustura ari naiz entrenatzen. Kanakoarekin marka ona egin nuen, baina ez nintzen hartarako gehiegi prestutu, Urrezko Aizkorarako aritu nintzelako lanean, baina uste dut azkenean epaia itxi ez banu, denbora hobea egingo nuela», aitortu zuen.
Finalerdietan Arrospide menderatu zuen, baina lehen zatian lanak izan zituen: «Lan hori oso aporoposa da Anjel Arrospiderentzat, eta joan aurretik hori banekien. Orduan, ahalik eta ongien eusten ahalegindu nintzen, eta hori egin nuen, eta azkeneko lanean kendu nion aldea», esan zuen.
Finalean Larretxea espero zuela ere onartu zuen: «Gauzak zeuden bezala, nik Larretxea izango zela uste nuen, baina Olasagastik irabazi egin zion, eta bere aurka jokatu behar dut. Biak dira aizkolari handiak, eta biei irabazteko lan ona egin behar da».
Finaleko asmoei buruz, berriz, zera esan zuen: «Ahal bada, hasieratik atera behar da denbora, eta hori lortu ezean, azken lanera bitarte eutsi eta han `errematatu', baina horiek asmoak dira, eta gero han beste kontuak ere izan daitezke», esan zuen.
«Gustura nago»
Joxemari Olasagasti, berriz, oso gustura dago finalean izatearekin. «Niretzat hau handia da. Adin honekin onenen artean jarraitzen dut, eta hori oso ona da niretzat», esan zuen.
Finala, berriz, oso zaila ikusten omen du: «Nazabal oso indartsua da, gaztea da, eta sasoiko dagoen mutila da. Berari irabaztea oso zaila ikusten dut. Hala ere, ni saiatuko naiz ahalik eta lanik onena egiten, eta bera estu hartzen, ahaleginik egin gabe ez dut utziko», esan zuen Igeldoko aizkolariak.
Olasagastik iazko abenduan lesio larri samarra izan zuen, eta handik ia osatu zenean, berriro ere min hartu zuen, baina orain ongi dagoela onartu zuen: «Horrelakoak beti izaten dira kaltegarriak eta are gehiago urteetan aurrera goazenontzat. Hala ere, ongi geratu naiz eta aizkoran ongi egiten dut. Akaso lehengo puntura ez nintzen helduko baina oso gustura nago; ongi ikusten dut neure burua».
Igandeko lana gustukoa duela ere esan zuen: «Lana ez da txarra, hori bai, zorte apur bat ere behar du. Enborren bat txarra ateraz gero, denbora dezente galdu baitaiteke», esan zuen gipuzkoarrak.
Olasagastik aste honetan bertan, Valentziara ere joan behar izan du han erakustaldia egiteko, eta horrekin ere oso gustura zegoen: «Finalarekin zer ikusirik ez duen lana da hori, baina leku askotatik deitzen digute, eta deitutakoan joan egin behar da, eta han bi kanako mozten izan naiz», esan zuen.
Joan den igandean, berriz, Azkotiko idi-proba apustuan itzain ibili zen, eta irabazi egin zuen Garmendiaren idiekin, eta horrekin ere pozak zoratzen zegoen: «Igandekoa sekulakoa izan zen. Behin ere plazaratu ez ziren idi gazteekin irabazi egin genuen egungo onenaren aurka, eta niretzat hura oso ederra izan zen. Orain aizkoran finalean izango naiz, eta 49 urterekin maila honetan ibiltzea sekulakoa da niretzat, oso gustura nago nire buruarekin», aitortu zuen Igeldoko aizkolariak.
Igandean, behintzat, zaleek saio ederra ikusteko itxaropena daukate. Nazabal aterako da faborito, baina Olasagasti ezustekoa ematera joango da, argi eta garbi erakutsi baitu, oraindik punta-puntan jaraitzen duela, hain zuzen ere.
Finalean izango diren bi aizkolariek finalerdietan azkeneko lan luzean erabaki zuten. Nazabalek Arrospide izan zuen aurkari, eta lehen partean hura izan zen nagusi. Igeldoarrak Larretxearekin neurtu zen, eta hura ere estreinako aldean nagusi izan zen
Aizkora gustuko dutenek igandeko zita galdu ezinezzoa dute. Izan ere, maila nagusiko finalaz gain, gazteen beste bi ere izango dira. Alde batetik, 18 urte baino gutxiago dituzten aizkolariena izango da eta bestetik, 23 urte baino gutxiago dituztenena.
Azken honetan Jon Rekondo eta Mugertza II.a neurtuko dira. Lehenengoak ez du maila honetako lehen finalan izango iaz Otaegiren aurka neurtu baitzen, baina orduan galdu egin zuen. Binakakoan ere finalean izan zen, baina hura ere galdu egin zuen, eta hirugarrengoan saiatuko da txapela lortzen.
Aurrean duen azikolaria ere ez da eskarmenturik gabekoa. Bera baino gazteagoa izan arren, aspalditik dabil aizkoran.Mugertza ere ahaleginduko da nafarra estu hartzen eta txapela lortzen. Berak lehen finala izango du maila honetan, baina 18 urtez azpikoetan badaki txapela janztea zer den, eta orain maila bat gorago ere probatu nahi du. Dena dela, biei geratzen zaizkie urte batzuk maila horretan, eta datozen urteetan ere ikusiko ditugu finalak jokatzen.
18 urtez azpikoetan Atutxa II.a da faboritoa. Aizkolari handia da, eta indartsua. Maila honetako finaletan ohituta dabil. Binakakoan, esaterako, 23 urtez azpikoena irabazi zuen Aldaperekin batera.
Atutxak aurrez aurre Kañamares III.a izango du. Beretzat estreinako finala izango da, eta helburua beteta dator. Presioa Atutxak izango du, baina adin horietan biak joango dira presioarekin eta nerbioekin. Finala beti izaten da finala, jende asko ere izango da, eta telebistako kamerak ere bertan izango dira. Gauza asko izango dituzte, eta agian lasaien joaten denak abantailatxoa har dezake