Aritz SOUND SYSTEM Kazetari eta musika adiktoa
Hauteskunde musikatuak eta festa giroa
Munduko hainbat herrialdetan (Jamaikan, adibidez) hauteskundeak irabazi nahi zituen hautagaiak kantua egin behar zuen nahitaez. Musika erabakigarria zen hauteskundeetan (zoritxarrez, kantu eder batek ez du gobernu justua, zuzena eta duina ziurtatzen). Gogoan al du norbaitek igaro berri den kanpainan alderdiek erabilitako musikarik?
Demokrazian bizi omen gara eta hauteskundeak omen dira «demokraziaren festa» handiena. Demokrazia eta festa hitzak, ordea, zalantzan daude aspaldian. Herriaren gobernua omen da demokrazia eta bertan herritar guztiak aske eta berdinak dira legearen aurrean. Jende «ilegala» eta «kutsatua» dagoen gizartean ez dago ez askatasunik ezta berdintasunik ere. Are gutxiago erabakitzeko ahalmena indarrez mugatua duen gizartean. Festarenak, berriz, broma gaiztoa dirudi. Bizi ditugun hauteskundeak zerbaiten festa izatekotan hipokrisiaren festa dira, hautagai gehienek betetzeko inongo asmorik ez duten hitza ematen baitute. Bitxia da, era berean, festa izan behar duen honetan, festaren protagonistak (hautagaiak eta ez hautesleak edo boto-emaileak) etengabe elkar erasotzen eta iraintzen aritzea (antzerkirako gaitasun handia erakusten dute batzuk). Eta harrigarria da, era berean, hauteskundeak amaituta batzuek berehala adiskidetzeko duten gaitasuna. Azkenik, deigarria iruditzen zaigu «demokraziaren festan» musikak duen garrantzi eskasa. Gizakia gizaki denetik musikaz lagundu du ospatu beharreko guztia. Posible ote da festa musikarik gabe? Hauteskundeetan etengabekoa da alderdiek (zentsura «demokratikoa» jasotzen ez dutenek behintzat) komunikabideen bidez egiten duten erasoa. Irudiari garrantzi itzela ematen zaion garai honetan, musika, isiluneak betetzeko besterik ez da erabiltzen, irudiaren laguntzaile pobrea da. Baina hau ez da beti horrela izan. Munduko hainbat herrialdetan (Jamaikan, adibidez) hauteskundeak irabazi nahi zituen hautagaiak kantua egin behar zuen nahitaez. Musika erabakigarria zen hauteskundeetan (zoritxarrez, kantu eder batek ez du gobernu justua, zuzena eta duina ziurtatzen). Gogoan al du norbaitek igaro berri den kanpainan alderdiek erabilitako musikarik? Eta musika esan dugu, nolabait esatearren. Normala da burmuinak alderdi gehienek kanpainan erabiltzen duten giro musika hotz eta inpertsonal hori berehala ahanztea. Musika soilik aisialdirako osagarri bezala ulertzen duen gizarterantz goaz abiadura handian. Musika, ideiak eta sentimenduak zabaltzeko tresna ezin hobea dela uste dugu, eta «normala» da, ideiei (pentsamendu bakarra) eta sentimenduei geroz eta garrantzi gutxiago eman nahi zaien sisteman, musika (salerosgaia ez denean) geroz eta alboratuagoa egotea.