GARA > Idatzia > Musika

Aritz Sound System

Galdutako indarraren bila

Berezien artean berezia da Bad Brains taldea. 1978. urtean, AEBetako Washington hiriburuko ghettoetan elkartu zen hardcore musikaren oinarriak jarriko zituen laukotea (Gary Miller Dr. Know gitarra-jotzailea, Darryl Jennifer baxu-jotzailea, Paul Hudson H.R. abeslaria eta Earl Hudson bateria-jotzailea). Hasieran, Mind Power izenarekin jazz eta funk musiken arteko nahasketa egin zuten, baina berehala erakarri zituzten punk doinu bortitzek. Disko musika demonizatuak izugarrizko arrakasta zuen garaian sortu zuten Bad Brains taldea eta berehala lortu zuten AEBetako punk mugimenduaren barruan oihartzuna.

H.R.-ren ahots bereziak lagunduta, taldeak landu zituen erritmoak azkarrak eta bortitzak ziren, eta abesti hauen artean reggae kantu ederrak tartekatu zituzten (taldekideak rasta erlijioaren jarraitzaile dira gainera). 80ko hamarkadan kaleratu zituzten disko ezagunenak. Taldeak gorabehera ugari izan du (tartean H.R.-k reggae taldea osatu zuen, Human Rights izenekoa) eta orain, berriro, laukotea bildu eta disko berria kaleratu du «Build a Nation» titulupean.

Ekoizpena Beastie boys bandako Adam Yauch-ek egin du eta musikalki Bad Brainsen hasierako estiloa berreskuratu duela esan genezake; hau da, hardcore azkar eta melodikoa (roots reggaearekin tartekatuta). Dena den, gure ustez kantu ederrak eduki arren, hasierako diskoen energia falta zaio eta H.R.-ren ahotsak ere ez du garai bateko indarrik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo