GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Hauteskundeak euskal herrian

PSEri begira jarri da Galdos baina Erraztik hirukoaren alde egiten jarraitzen du

Iñigo Urkulluk ezker abertzaleak lortutako emaitza onek eragiten dioten ezinegona erakutsi duen bitartean, EAren barnean iritzi kontrajarriak azaldu dira PSErekin izan beharreko harremanen gainean. Begoña Erraztik hirukoa lehenetsi du; Iñaki Galdosek, aldiz, PSE kontuan hartzea beharrezkoa dela uste du.

GARA | GASTEIZ

Hauteskundeen ostean, herriak, Aldundiak eta Nafarroako Parlamentua gobernatzeko lanean murgilduta dabiltza alderdiak, eta, horren harira, zeresana eman du azken egunotan PSEk EAri eta EB-Aralarri egindako eskaintza. Atzo, Patxi Lopezek zuzentzen duen alderdiaren gai- nean, iritzi kontrajarriak azaldu zituzten EAko bi ordezkarik: alderdiko lehendakari Begoña Erraztik, eta Gipuzkoako buru Iñaki Galdosek, hain zuzen.

Erraztik «zoragarri» jo zuen PSEk EAri Arabako eta Gipuzkoako Aldundietako gobernuetan parte hartzeko egindako proposamena, «horrek erakusten baitu EA erreferentea dela».

Baina, hori esanda, alderdi horri galdetu zion ea «zertarako» balioko zuen bi taldeen arteko gobernu batek.

Alde horretatik, EAko presidenteak Lakuako Gobernua sostengatzen duen hirukoaren alde egin zuen, eta akordioak hitzartzeko «oso aukera erreala» dela nabarmendu zuen.

Herri Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Erraztik aipatu zuen badagoela «irizpide batzuen inguruan eraikitako herri planteamendu bat», EAren ustez «oso interesgarria» dena. Horregatik, beste alderdi batekin gobernua osatzekotan aipatu zuen galdetu beharko litzatekeela «zer helburu duen» horrek. «Bestela ez luke zentzurik izango, alferrik egotea izango litzateke», esan zuen.

«Guk ez dugu horrelakorik egin, eta ez dugu egingo» iragarri zuen Erraztik, eta ziurtatu zuen bere alderdiaren ustez, «bakea eta normalkuntza politikoa ezinbesteko baldintza» direla itun bat hitzartzeko. Izan ere, EAk «berebizikoak» jotzen ditu bi gai horiek, eta bere presidentearen iritzirako: «badaude bide errazagoak, bide abertzaleak, abertzaleok eginak».

Berriz ere PSEri zuzenduta, halako gaiak jorratzean «diskrezioz» jokatzea beharrezkoa dela nabarmendu zuen, eta alderdiengana zuzenean jotzea, bere aburuz, «gauza gehiegi agertzen ari baitira hedabideetan».

«Hirukoa ez da nahikoa»

Alderdiko buruak kontrakoa esanagatik, EAko Gipuzkoako presidente eta Biltzar Nagusietarako zerrendaburu Iñaki Galdosek adierazi zuen hirukoa ez dela «nahikoa» normalkuntza politikorako prozesua eta instituzioen gobernagarritasuna bermatzeko, eta, horregatik, «beste eragilerekin, besteren artean PSErekin, aurrera egitea» beharrezko ikusi zuen.

Asteartean, Lakuako Gobernuko eledun Miren Azkaratek esan zuen hirukoa «aukera baliogarria» dela iragan igandeko hauteskundeen emaitzak kudeatzeko, eta Galdosek hitz horiei erantzun zien Donostian egindako agerraldian. «Hirukoak ematen duena ematen du, eta zenbakiek agintzen dute» ihardetsi zuen. EAJ, EA eta EBren indarra ez dela nahiko «Euskal Herrian normalizazio politikorako prozesua bermatzeko», gaineratu zuen.

Hirukoa, bere iritzian, «bada bizkarhezurra» euskal politikagintzan, baina «agian indartu beharko da».

Bere alderdiko Gipuzkoako arduradun Pello Gonzalez eta Iñaki Sagarzazurekin ere prentsaurrekoa eman zuen Galdosek, eta azaldu zuen jada abiatu dituela harreman «informalak» PSErekin, itunen gainean berba egiteko. Gaineratu zuen laster gauza bera egingo duela EAJrekin.

Aipatu zuenez, bere asmoa talde guztiekin biltzea da, baina jarraian esan zuen EB-Aralar koalizioak «bere burua baztertu» duela Aldundiko gobernutik, hauteskunde kanpainan errauskailuaren egitasmoen kontra egin duelako.

Hauteskundeen emaitzak baloratzean, Galdosek onartu zuen EAk eskuratu dituenak ez direla «behar bezalakoak» izan udaletxeetan, nahiz eta Biltzar Nagusitean lortutakoak positiboago ikusi zituen. Argudio legez, alderdi hori «indar erabakior» bilakatu dela adierazi zuen Aldundiko gobernua erabakitzeko or- duan.

Bere alderdiaz haratago, EAko Gipuzkoako zerrendaburuak aipatu zuen hauteskunde horietan «nazionalismo instituzional eta historikoa ahuldua» atera dela, eta beharrezko jo zuen «hausnarketa prozesua» abiatzea «beren gogoetak eguneratzeko». «Nazionalismo instituzionalak ez du bat egiten gizartearen zati handi batekin, batez ere, belaunaldi berriekin» gaineratu zuen. Horri eutsi eta EAJk eta EAk beren hitzak «garai berrietara» egokitu behar dituztela berretsi zuen Galdosek.

EAE-ANVren emaitzez ere hitz egin zuen Galdosek, eta kexatu zen kanpainan gainerako taldeek «ezker abertzaleari protagonismo handiegia» eman diotelako, aipatuz horren ondorioz, ezker abertzalea «indartuta» atera da hauteskundeetatik. Emaitzak ikusita, EAEk galdegin du herri borondatearen arabera dagozkion zinegotziak bere esku geratzea, baina Galdosek ez du begi onez ikusi aldarrikapen hori, eta talde abertzaleari eskatu zion ez dezala «xantaiarik eta mehatxurik» erabili.

«Noski direla boto asko»

EAJko eledun Iñigo Urkulluk ere onartu behar izan zuen ezker abertzaleak emaitza onak lortu zituela igandean, eta ezin izan zuen ezkutatu horrek eragiten dion ezinegona. «Noski direla boto asko» erantzun zuen Urkulluk Radio Euskadiko kazetari batek EAE-ANVk eskuratutako 187.000 bozen gainean galdetu zionean, baina elkarriketatzaileak gogora ekarri zuenean ezker abertzaleak oso baldintza zailetan egin behar izan diola aurre kanpainari, EAJko buruak kontrakoa erantzun zion.

«Hori izan da, hain zuzen, mesede egin diona» ihardetsi zuen Urkulluk, eta iradoki zuen PSOEk, PPk eta berak «ezker autonomista» deitzen duenak «tentsionamendu politikoa bultzatu dutela beren interesen arabera. Horrekin batera, Alderdien Legeak eragindako «biktimizazioa» aipatu zuen ezker abertzalearen emaitza onak azaltze- rakoan.

Beste alde batetik, Urkulluk erdeinuz hitz egin zuen ezker abertzaleak Anaitasunean egindako proposamenaren gainean, non erabakitzeko eskubidean oinarrituta, Hego Euskal Herriko lau herrialdeek osatutako autonomia bat aipatzen den. Hala ere, ez zuen azaldu zergatik EAJk uko egiten dion proposamen hori onartzeari.

bozketak eaj-n

EAJren Batzar Nagusian ostiralean aztertuko dituzte igandeko emaitzak, eta egun horretan bertan hasiera emango zaio alderdiko barne karguak eraberritzeko prozesua. Abenduaren 2an bukatuko da, presidentearen hautaketarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo