GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Iurreta-XX Emakumeen Bira Aurkezpena

Ospe handiko tropela lehiatuko da bost egunean

Munduko talde eta txirrindulari onenak arituko dira, eta Iurreta, Elorrio, Eibar, Urduña eta Bilbo herriek hartuko dituzte etapen amaierak

Unai IRARAGORRI | IURRETA

Berriro ere, Iurreta-Emakumeen Birak sekulako nazioarteko partaidetza izango du aurten. Hain zuzen, izarrez beteriko tropela arituko da Euskal Herriko errepideetan ekainaren 13tik 17ra, atzo aurkezpenean azaldu zutenez. Guztira, 21 talde izango dira irteeran, eta bost etapatan lehiatuko dira. Marianne Vos, Susanne Ljungskog, Nicole Brandli eta Edita Pucinskaite txapeldunak izen nabarmenak dira goi mailako itzulian.

Emakumeen Birak GARA izango du alboan beste urte batez. Hain zuzen, egunkari ofiziala da eta lehen euskaldunaren elastiko zuria babestuko du. Gainera, aurten Emakumeen Saria txapelketa atera du kazeta honek.

Iurreta Txirrindulari Elkarteak ausardia du alde, eta marka guztiak gainditu ditu 20. ekitaldian; izan ere, bost etapa antolatu ditu, eta 21 talde irtengo dira Iurretatik. Iaz, berriz, 17 lehiatu ziren lau saiotan.

Horregatik, UCIren maila goreneko lasterketa da, eta horrela islatuko da errepidean. Munduko hamar talde onenetatik zortzik parte hartuko dute, hala nola Alemaniako Nurnberger eta T-Mobilek, Holandako DSB Bank, Flexpoint eta AA-Drink-ek, Suitzako Biglak eta Italiako Fenixs-ek. Azken orduan esan dutenez, Luperiniren eta Iturriagaren taldea, Menikini, ez da etorriko, baina antolakuntza harremanetan da Safi-Pasta taldearekin. Bestetik, Italiako, Alemaniako eta Estatu Batuetako selekzioak izango dira, baita Alemaniako Getranke, Estatu frantseko Les Pruneaux, Italiako Saccarelli, Estatu espainoleko Comunidad Valenciana eta Odeco eta Txinako Giant multzoak.

Euskal Herriko lau talde arituko dira: Bizkaia-Panda, Debabarrena, Tolosa eta Fonorte.

Vos, Ljungskog, Brandli...

Hortaz, hainbat izar lehiatuko dira, hala nola Vos, Ljungskog, Brandli, baita Schleicher, Wood, Zabirova, Pucinskaite, Melchers, Bubnenkova eta Kupfernagel. Azken lau txirrindulari horiek Bira irabazi dute.

Ibilbidean, bi berrikuntza nagusi egin ditu Iurreta TEk. Alde batetik, bost etapa izango dira, eta bi saio laugarrenean. Beste alde batetik, Iurretan bukatuko da itzulia ez Bilbon, eta Eibarrera helduko da proba.

Bi erlojupeko ditu Birak aurten; aurreneko egunean 4,3 kilometroko taldekako igoera izango da Arrietara. Elorriok hartuko du bigarrena, eta Intxorta helmugatik gertu da. Lehen mailako Karabieta mendatea igaro beharko dute Eibar bidean hirugarren etapan. Itzulia Urduñako 13,6 kilometroko erlokupekoan erabakiko da, eta arratsaldean Bilbora iritsiko da lasterketa. Dena den, Iurretan amaituko da Bira, Udala baita babesle nagusia, eta antolakuntzak hura omendu nahi izan du.

Eneritz Iturriagak lepauztaia hautsi zuen orain dela hiru aste baino gehiago, eta ez da Biran izango; atzo, ordea, aurkezpenean azaldu zen. Abadiñarrak burua altxatu du, eta hobekuntza nabarmena izan du azken egunetan. Izan ere, herenegun berriz ere bizikleta gainean ibili zela jakinarazi zigun. Hori bai, hasi baino ez da egin, eta Giroan parte hartzeko irrikaz da orain Iturriaga, Espaniako Txapelketak goizegi izango baitira.

Hurrengo denboraldian, 2008. urteko Pekingo Olinpiar Jokoak izango dira, eta aurten Estatu espainolak izango dituen bi txarteletatik bat bereganatzea espero du euskaldunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo