GARA > Idatzia > Ikusmira

Jarrera itxiak eragiten dituen lan gatazkak

Azkenaldiko lan gatazkak aztertuz gero, erraz ikus daiteke gauza bat dela diskurtsoa eta beste bat, oso desberdina, praktika. Administrazioak eta enpresaburuek elkarrizketaren bertutea goraipatu ohi dute, baina erabakiak alde bakarrekoak izaten dira maiz. Horrelako zerbait ikus daiteke egunotan arlo pribatuan bezala, publikoan ere piztuta edo piztear dauden gatazketan: Hezkuntzan, Osakidetzan, Gipuzkoako eraikuntzan, arte grafikoetan, metalgintzan, garbitzaileen sektorean... Izan ere, enpresaburuen irizpide bakarra gero eta etekin handiagoak lortzea da. Baina ez da onartzeko modukoa etekin horiez harro agertu eta, aldi berean, langileentzako lan baldintzak hobetzeko inbertsiorik egin nahi ez izatea. Bururatzen zaizkien aldaketa bakarrak egutegia luzatzea eta gisakoak dira. Lehiakortasunaren aitzakian gerrikoa estutu egin beharra dagoela esaten dute, baina eurak ez daude milimetro bat ere estutzeko prest. Arlo publikoan, Administrazioak jarrera itxi berbera erakusten du, Hezkuntzan eta Osasungintzan erakusten ari den moduan, sektoreko mahaian negoziatzeari uko eginda, edo sindikatu gehienak bazertuta. Administrazioaren jarrera itxi horrek eragin zuzena du zerbitzuen kalitatean, zerbitzu horiek hobetzeko nahiko diru -publiko- inbertitu gabe. Eta, gainera, enpresaburuen alde jokatzen du, zenbaitetan legeak betearazteari uzteraino jokatu ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo