GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Berdeen ustez, nekazaritza neurrigabeak Aturri eritu du

Azkenaldian transgenikoen arazoa eztabaida publikoan lekua hartzen ari delako pozik da Martine Bisauta. Alta, V. hautes-barrutiko hautagai berdearen ustez, inor gutxi gogoratzen da «mende honetan lehen mailako arazoa izango den urari buruz». Berdeek nekazaritza neurrigabeari leporatu diete, batez ere, ibaien egoera.

Maria AIZPURUA | BAIONA

Aturri ibaiaren bokalea hautatu zuten, atzo, Martine Bisauta hautagai berdeak eta bere taldekideek «uraren eskasia larria eta kalitate eta egoera biologiko tamalgarriaren» arazoaz aritzeko. Aldez aurretik, bere ordezko Daniel Hegoburuk gogorarazi zuen, transgenikoen erabilpenaren arriskuaz ohartarazten hamar urte igaro badute ere, poztekoa dela egun «gutxienez eztabaida publikoan presente dagoela ikustea».

Uraren gaiari helduta, lehenik eta behin argi utzi zuen «ura gizadiaren ondarea» dela baina, aldi berean, «mende honetako lehen mailako arazoa» bilakatzen ari dela nabarmendu zuen. Hegobururen ustetan, egoera horren errudunak hainbat faktore baldin badira ere, «neurrigabeko nekazaritza, zehatzago, artogintza da nagusia».

Izan ere, Aturri ondoko lurretan egiten den laborantza mota horrek «ur-kopuru izugarria» erabiltzen du.

Adour-Garonne agentziako datu ofizialetan oinarrituta, Françoise Comek azaldu zuen Landetako eta Pirinio Atlantikoetako lurren %40a lur ureztagarriak direla eta, udan, uraren %85a ureztatzen erabiltzen dela. «Arazoari irtenbidea emateko, berriz, gero eta presa gehiago eraikitzen ari dira eta, horren ondorioz, Aturri ibaia egarri da, hau da, bere sakonera behera egiten ari da» esan zuen.

Aturri «gaixorik»

Kalitateari dagokionez, fosforoa, nitratoa eta pestizidak aurkitu ohi dira eta, egoera biologikoari buruz, gero eta arrain gutxiago dauzka. «Ondorio nagusiak, beraz, nekazaritza intentsiboari lotutakoak dira. Alta, kutsatzaileei eragiten duten kalteen zati oso txikia ordainarazten zaie eta kutsaduraren kontribuzioaren %85 kutsatuon, hots, kontsumitzaileon gain geratzen da» gaineratu zuen Comek.

Berdeei, era okerrean nekazaritzaren aurka egotea leporatzen zaiela adierazi zuen Bisautak: «Hori ez da zuzena, transgenikorik eta pestizidarik gabeko eta ura xahutuko ez duen laborantzaren aldekoak gara».

Hainbat neurri proposatzen ditu itsasoa eta Bidaxune arteko eremuan aurkezten den hautagaiak. Horien artean, Uraren Agentziaren funtzionamenduaren kontrol demokratikoa; ibaien eta erreken lege berri bat; itsasertzea babesteko legeari pixkanaka ezarri dizkioten «malgutasunak» ezabatzea; uraren tokian tokiko kudeaketa berreskuratzea; pertsona bakoitzeko eguneko ur kontsumoaren lehen 40 litroak doan izatea eta tarifa progresiboak aplikatzea eta, kutsaduraren arduradunei ordainaraztea. Neurri zigortzaileak baino, kutsadura ez eragiten ahalegintzen direnei hobariak aplikatzea komenigarriago jo zuen Bisautak.

Eskuinaren politika eta nekazaritzako presio taldeak gogor salatu zituzten Berdeek, eta Nicolas Sarkozyk ingurumenari buruz agindu berri dituen neurriei buruz, berriz, «elektoralismoz jantzitakoak» direla nabarmendu zuten. Bisauta bera oso fidagaitza agertu zen presidente berriaren iragarpenekin eta, benetan behar dena « kultur-iraultza egitea» dela esan zuen. «Ezinbestekoa da guztiok jabetzea egoeraren larritasunaz eta, mentalitateak aldatzea. Esanak esan, plantan dauden politikariak ez bezala, Berdeok arduraz jokatzen dugu», esan zuen horren harira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo