Eskuz Banakako Txapelketa
Gaixotasuna atzean utzi eta Gonzalez Labriten entrenatu da
Aimar Olaizolak ere Iruñeko pilotalekuan entrenaldi gogorra egin zuen Beloki II.a lagun hartuta. Bestetik, Galartza VI.ak eta Urberuagak pilotak hautatu zituzten
GARA | IRUÑEA
Gastroenteritisa gainditu ostean, entrenamendu saioa izan zuen atzo Iruñeko Labrit pilotalekuan Sebastien Gonzalez aurrelari lapurtarrak.
Hiru kilo galdu ditu Azkaineko pilotariak gaixorik izan den denboran. Horiek hala, astebete atzeratu behar izan du eskuz banakako bigarren finalerdia. Dena den, sendatuta azaldu zen atzo Iruñera Gonzalez.
Asteburu txarra pasatu duen arren, osatuta dagoela erakutsi zuen Azkaineko aurrelariak. Indarrez nola dabilen ikusteko balio izan zion atzoko entrenamenduak, eta behin betiko zalantza guztiak uxatu zituen modu horretan lapurtarrak, larunbaterako prest izanen da-eta.
Azkaineko pilotariaren aurretik, 65 minutuan entrenatzen jardun zuen Aimar Olaizolak, haren aurkari izan behar duenak. Beloki II.a lagun hartuta, entrenamendu gogorra egin zuen Goizuetako aurrelariak Labrit pilotalekuan. Bertan eskuz banakako txapeldun ohiak sakeari, piloteo luzeari eta zabalerako pilotakadei erreparatu zien batik bat.
Asegarceko zuzendari tekniko Salba Bergarak azaldu zuen: «Intsitate handiko entrenaldia izan da. Aimar oso ongi ikusi dut, bai jokoari dagokionez, baita animoz ere».
Pilota aukeraketa
Bestalde, hainbeste zalantzarik gabe, Zornotzan, ostiral gauean, Xabier Galartza eta Urberuagak bigarren mailako eskuz banakako txapelketako finala jokatuko dute Asperen adarrean. Atzo izan zuten piloten hautaketa.
Ez zen inolako arazorik izan, lagun giroan egin baitzuten hautaketa. Bai batak, bai besteak Punpa eta Cipriren pilota bana aukeratu zuten, eta konforme azaldu ziren pilotari biak. Galartza VI.aren pilotak 104,9 eta 103,2 gramokoak izan ziren; eta Urberuagarenak, berriz, 104 eta 104,5 gramokoak.
«Biok enpresa bereko pilotariak gara, eta ez da arazorik izan. Bere pilotak apurtxo bat gehiago dabiltza, baina gustura nago nire aukeraketaz», aipatu zuen Urberuagak.
Aurtengoa bigarren finala du Xabier Galartzak, duela pare bat urte Iñigo Leitzaren aurka galdu baitzuen. «Oraingo Xabier Galartza oso ezberdina da. Orain askoz konfiantza handiagoa daukat neure buruarengan», esan zuen.
Horrezaz gain, lemoarrak eta aulestiarrak ongi ezagutzen dute elkar. Hortaz, lagunen arteko finala izanen dela iritzi zioten bizkaitar biek.
«Elkarregaz ibili ohi gara denbora guztian eta badirudi bikotea osatu behar dugula», esan zuen Galartza VI.ak.
Urberuaga, berriz, irabazteko izan ditzakeen aukerez mintzatu zen. «Nire eginbeharra sakeak ezkerreko hormara atera eta bere sakeak ahalik eta ondoen errestatzea da. Min eman ohi du Xabierrek sakearekin eta piloteoan hasita, eta partida luze batean aukerak ditut irabazteko».