Coordinadora Simon Bolivarreko bi buruzagi hil dituzte
GARA |
Askapenak gogor salatu du Venezuelako Coordinadora Simon Bolivarreko bi buruzagiren heriotza. Pasa den maiatzaren 30ean, Dayana Carolina Azueje, irakaslea, eta haren bikotekide Gabriel Tovar tirokatu zituzten.
Beisboleko partida batetik bueltan, 22.30ak aldera, Azueje eta Tovarren autoa gelditu, biak jaitsiarazi eta ametrailatu egin zituzten. Alabak eta ilobak bizirik ateratzea lortu zuten.
Erakundeko kide Juan Contrerasek azaldu duenez, tiroketa izan baino astebete lehenago, Venezuelako enpresari elkartearen (Fedecamaras izenekoa) eta Globovision telebista kate pribatuaren kontra eginiko manifestazioan parte hartu zuten, herrialdea «desorekatzeko» planaren parte direla uste baitzuten. Contrerasek nabarmendu zuenez, aipaturiko kateak protestaren irudiak behin eta berriz bota zituen.
«Iraultzaileok pintura, elkarrizketa eta argudioak erabilita mobilizatzen garen bitartean, eskuindarrek balekin egiten dute. Hala erantzuten dio faxismoak manifestazio eta adierazpen eskubideari», salatu zuen. Bere hitzetan, beharrezkoa da Hugo Chavezen Gobernuaren aurka prestatzen ari diren ekintzen aurrean erne egotea. Azkenaldian, halako gertaerak maiz gertatu dira.
Elkartasuna adierazteaz gain, Askapenak Venezuelako oposizioaren «indarkeria» eta zenbait hedabideen jarrera salatu zituen -tartean lizentzia berritu ez dioten RCTVrena-.