GARA > Idatzia > Kultura

18 urtez azpiko arabar eta nafar bertsolari onenak saritu dituzte

Araba eta Nafarroako eskolarteko bertsolari txapelketen finalak jokatu ziren atzo goizean, Gasteizen lehena eta Larraintzarren bigarrena. Horrenbestez, bi herrialde horiek datorren hilaren 23an Altsasun egingo den Euskal Herriko finalean izango dituzten ordezkariak erabaki ziren. Bi kasuetan bertsolariek zein entzuleek ederki erantzun zuten. Horrenbestez, giro bikaina izan zen bi finaletan.

Iker IRIARTE |

Ostiralean Bizkaia eta Gipuzkoak egin zuten bezala, atzo Araba eta Nafarroa izan ziren hemezortzi urtez azpiko bertsolari onenak izendatu zituzten herrialdeak. Izan ere, bi herrialde horietako Eskolarteko bertsolari finalak jokatu ziren atzo goizean -12. edizioa izan du aurtengoa Arabako lehiaketak eta 14. edizioa Nafarroakoak-. Txapelketak bi maila bereizten ditu: batetik, 14 urtera artekoak, eta bestetik, 14 eta 18 urte bitartekoak. Arabako kasuan Guillermo Vegas izan zen garaile gazteen artean eta Ander Solozabal maila nagusian. Nafarroako kasuan, aldiz, 14 urtera artekoetan Josu Sanjurjok eskuratu zuen txapela eta zaharrenen artean Alazne Untsalok -azken saio hori maiatzaren 26an jokatu zuten Lesakan-.

Antolatzaileak oro har oso gustura agertu ziren txapelketen garapenarekin: bai bertsolarien parte hartzearekin, bai eta jendearen erantzunarekin ere.

Aniztasuna Araban

Arabako finala Gasteizko Armentia ikastolan jokatu zen. Bertako areto nagusia betetzea lortu izanaz asko poztu zirela azaldu zuen atzo epaimahai modura aritzea egokitu zitzaion Oihane Perea Arabako txapeldunak. Hori bai, aurtengo finalaren ezaugarri nagusia, agian, aniztasuna izan da, eta ez bakarrik txapeldunek lehen aldiz jantzi dutelako sari preziatua.

Txikien mailan garaile irten zen Guillermo Vegas, Argantzunekoa da, Trebiñuko konterrikoa, beraz. Bigarren sailkatua -Vegasekin batera Euskal Herriko finalerako sailkatzea lortu du-, Elyem Chej izan zen. Legutiarra da bera, jatorri saharauiarra duen arren. Gainera, Elyem Chejek bertso paper lehiaketa ere irabazi zuen bere mailan. 18 urtera artekoetan, berriz, Estitxu Saratxok irabazi zuen bertso paper lehiaketa.

Bat-bateko bertsoetara itzuliz, zaharrenen kasuan lehen bi sailkatuak gasteiztarrak izan ziren: Ander Solozabal txapeldun eta Ekaitz Samaniego txapeldunorde. Pereak parte hartzea oso handia izan dela nabarmendu zuen -txikien mailan hiru finalaurreko jokatu ziren-, baita izandako aniztasuna ere. «Nonahitik datozela ere pozik hartuko ditugu», adierazi zuen.

Maila altua Nafarroan

Nafarroako txapelketari dagokionez, atzo goizean Larraintzarren jokatu zen finala gaztetxoenen mailakoa izan zen, handiena astebete lehenago egin baitzuten Lesakan. Estitxu Arozena antolatzailearen arabera, joan den urteko txapelketa amaitu berritan hartutako erabakia izan zen, guztia batera egitea luzeegi suerta zitekeelakoan ikusleentzako.

Lesakako Gazte Egunarekin bat eginez eta giro eder batekin atzo zortzi egindako saioan, bi iturendarrek lortu zuten Euskal Herriko finalerako sailkatzea nagusien mailan. Hain zuzen ere, bigarren urtez jarraian irabazle izandako Alazne Untsalok eta Iker Gorosterrazuk. Atzo, berriz, Josu Sanjurjo Lesakarra eta Irati Majuelo iruindarra izan ziren txapeldun eta txapeldunorde Larraintzarren egindako gaztetxoen saioan. Estitxu Arozena pozik agertu zen emaitzarekin eta helduen finaleko «maila altua» nabarmendu zuen.

«Ioalkada» eman

Nafarroako sariketan helduen mailako lehen bi sailkatuak iturendarrak izateak hainbat komentario eragin ditu. Kanpaikadaren ordez «ioalkada» eman dutela esan zuenik ere izan zen atzo Larraintzarren bildutako entzuleen artean.

Iparraldeko ordezkari helduenak ezagutzea soilik falta da

Ostiralean erabaki ziren Bizkaiak eta Gipuzkoak ekainaren 23ko Altsasuko finalean izango dituzten ordezkariak, eta atzo, Arabakoak eta Nafarroako gazteenak. Helduak eta Ipar Euskal Herriko gaztetxoenak maiatzaren 26an erabaki zituzten. Beraz, Ipar Euskal Herriko 14 eta 18 urte bitarteko ordezkaritza ezagutzea baino ez da falta.

Oraingoz, honako hauek lortu dute Altsasun bat-batean kantatzeko txartela txikienen mailan: Gillermo Vegas eta Elyem Chej Arabatik; Nerea Ibarzabal eta Elene Lejarzegi Bizkaiatik; Amaia Iturriotz eta Imanol Irazustabarrena Gipuzkoatik; Estitxu Oilarburu eta Ortzi Murua Lapurditik; Josu Sanjurjo eta Irati Majuelo Nafarroatik; Eñaut Zaldunbide eta Mikel Cherbero Nafarroa Beheratik; Gillen Negueloua eta Johaine Sarrailet Zuberoatik. Helduenen mailan, berriz, Ander Solozabal eta Ekaitz Samaniego Arabatik; Jone Uria eta Miren Amuriza Bizkaiatik; Hodei Iruretagoiena eta Mikel Olaizola Gipuzkoatik; eta Alazne Untsalo eta Iker Gorosterrazu Nafarroatik. I.I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo