Patxi Altuna zenak Euskaltzaindian utzitako lekua bete du Mikel Zalbidek
Mikel Zalbide, Lakuako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuko zuzendaria eta 1983tik euskaltzain urgazlea, euskaltzain osoa da atzotik. Bere sarrera hitzaldian Agustin Iturriaga pedagogoaren figuraz aritu zen. Irakaskuntzan eta euskararen normalkuntzaren alde XIX. mendean Iturriagak egindako lan aintzindaria eta eredugarria goraipatu zuen Zalbidek.
GARA | DONOSTIA
Mikel Zalbidek Patxi Altuna zenak Euskaltzaindian utzitako lekua bete duela eta, sarrera ekitaldia ospatu zen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian duen egoitzan. 1983tik euskaltzain urgazle izateaz gain, ingeniaria eta Lakuako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuko zuzendaria da Zalbide.
Joxe Joan Gonzalez Txabarri ahaldun nagusiak eta Andres Urrutiak, Euskaltzaindiako presidenteak, parte hartu zuten ekitaldian. Bertan Altunak izandako 17. zenbakiko domina eman zioten Zalbideri.
Sarrera hitzaldirako Agustin Iturriagaren (1778-1851) figura aukeratu zuen Zalbidek. «Pedagogoa Batzar Nagusietan. Hizkuntzen azterbideak, Iturriagaren argitan» hitzaldian, Hernanin jaiotako apaizak euskararen normalizazioan egindako ekarpenak izan zituen hizpide.
Euskarak egun baino egoera hobea bizi zuen garai hartan, etorkizunean sortuko ziren arazoak barrundatu zituen Iturriagak, Zalbidek gogorarazi zuenez. Biztanlegoaren gehiengoak euskara jakin eta erabiltzen bazuen ere, «euskaraz zein gaztelaniaz ondo egiten jakitea, ahoz eta idatziz», ezinbestekotzat jotzen zuen Iturriagak. Haren ustean, euskarak Europako hizkuntza indartsuen pareko izan behar zuen, hori baitzen bizirauteko modu bakarra.
Iturriaga pertsona oso jantzia zela nabarmendu zuen Zalbidek. XIX. mendean Europatik zetorren ilustrazioaren iturritik edan zuen eta gizartean aldaketa handiak eta geldiezinak zetozela jabetu zen. Horren aurrean, euskarak ere aldaketa horiei egokitzeko urratsak egin behar zituela uste zuen.
Hezkuntza alorrean ere garai hartan iraultzaileak ziren zenbait berrikuntza bultzatu zituen Iturriagak. 1818an ikastetxe bat zabaldu zuen eta handik gutxira Gipuzkoa eta Nafarroa osoko ikasleak etortzen hasi zitzaizkion. Zigorrak debekatuta zeuden, ikasgai osagarriak eskaintzen zituen eta hizkuntzen ikasketak indartu zituen. Gainera, hizkuntzak «beren kultur giroan txertatuta» irakastea zen bere xedea. Absolutismoaren berrezarpenak, ostera, eskolaren itxiera ekarri zuen. Iturriagaren metodo iraultzaileak agintarien gustukoak ez zirela-eta, irakasle aritzeko baimena kendu zioten.
Geldirik egon ezinik, euskaraz alfabetatzeari ekin zion. «Erraz eta jator hitz egiten zuen, baina ez zen euskaraz idazteko gai», gogorarazi zuen Zalbidek.
Orduko Gipuzkoako Batzar Nagusiek euskara biziberritzeko plana martxan ipintzeko ideia izan zuten eta lan horretarako Iturriagarengana jo zuten. «Lehenengo aldiz, dakigularik, Gipuzkoako goi-agintariek euskararen aldeko hizkuntza-politika zehatz eta orokorra egitea erabaki zuten», esan zuen Zalbidek. Lehendik ere euskararen inguruko hainbat erabaki hartuak ziren, baina «partzialak eta inplizituak ziren», argitu zuen euskaltzain berriak. Plan hori gauzatzeko Sustapen batzorde bat eratu zen 1830ean.
Plan horren ardatza euskal ikasleen «elebitasun betea» lortzea zen. Horretarako beharrezkoa zen ikasmateriala ere sortu zuen bere maisu Juan Inazio Iztuetaren laguntzarekin.
Hiru urte beranduago, baina, Lehen Karlistada hasi zen eta Iturriagak alde egin zuen. 1840an itzuli zen Hernanira eta orduan bere liburuak argitaratzen saiatu zen.
Bestalde, Patxi Altuna azpeitiarrak pedagogian egindako lana ere gogora ekarri zuen Zalbidek. Euskal aditzaren egituraz dakien guztia berari esker ikasi duela baietsi zuen. «Hizkuntza kontuan, gramatikan oro har eta aditz-jokoan bereziki, Patxiren zordun naiz ni», esan zuen.
Henrike Knörrek, Euskaltzaindiako Ikerkuntza Saileko buruak, erantzuna eman zion Zalbideri. Euskaltzain berriak ikerkuntzan egindako lanak goraipatu zituen, Iturriaga berari buruzkoa edota Lardizabal gramatikalariaren gainekoa, besteak beste. Halaber, euskararen batasunari begira Hondarribian eta Hendaian XX. mendearen hasieran egindako batzarrez Zalbideak argitaratu zuen artikulua ere nabarmendu zuen Knörrek.
Akademiari jaramonik ez
Zalbideren merituak albo batera utzita, hainbat hedabidek Euskaltzaindiaren arau eta gomendioei izaten dieten errespetu txikia gaitzetsi zuen. «Biriatú» ahoskera «zentzugabea» edota, Akademiak proposatutako sormarka erabili beharrean, «Eusko Label» terminoen erabilera okerra nabarmendu zituen. Amaitzeko, egungo «ezjakintasunaren tsunamiari» aurre egiteko deia ere egin zuen. Horren adibidetzat aipatu zuen Unibertsitatera sartzen diren ikasle askorentzat Iparragirre, Villasante edo Guridiren izenak guztiz arrotzak izatea.
1830ean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Euskara biziberritzeko plana enkargatu zioten. «Gipuzkoako goi-agintariek euskararen aldeko hizkuntza politika orokorra egitea erabaki zuten lehen aldia izan zen», nabarmendu zuen atzo Zalbidek.