Munduko aberatsenen bilera arriskutsua
Asteazkenean hasi eta osteguna bitartean G8, munduko herrialderik aberatsenen taldea, bilduko da Alemanian, Rostock hirian, hain zuzen, segurtasun neurri ikaragarrien artean. Urtero bezala, munduko ekonomia, politika eta gizartea izango ditu hizpide. Baina hitz egin baino gehiago egingo du, teorian eztabaida foroa denak mundu osoan eragina duten erabakiak hartzen baititu .
G8zren izaeraren erakusgarri, joan den hilaren 9an Alemaniako sei estatutan «ezker erradikalaren» aurkako polizia-sarekada izan zen, gailurrean «atentatu terroristak» saiheste aldera, esan zutenez, beren ordena kolokan jartzen duten guztiak, besteak beste egun horietan mobilizatzera deitu duten ehunetik gora talde ezkertiar, sindikatu eta gizarte erakundeak terroristatzat jotzen baitituzte. Heiligendamm hotelaren inguruan, hura baita G8aren bilera hartuko duen egoitza, arrisku horren araberako segurtasun neurriak hartu dituzte: hamahiru kilometroko hesia, kamerak, ezin konta ahala polizia... Horren guztiaren kostua, 12,5 eurokoa.
Aurten G8aren bileraren leloa «Hazkundea eta erantzukizuna» da, eta arreta berezia eskainiko omen diete aldaketa klimatikoari eta Afrikaren garapenari. Bitxia gertatzen da, ordea, Afrikak bere etorkizunaz ezer ere ezin esatea. G8k urtez urte globalizazioaren eta neoliberalismoaren onurak agertzen ditu hedabideen bidez eta, merkataritza eta finantza liberalizazioa, lan merkatuaren malgutasuna, pribatizazioak eta zentzu bereko neurriak bultzatzen ditu; pobreziaren kontrako borroka, zorra murriztea eta gisako ekimenak iragartzen dituen aldi berean. Jakina, lehenetan askoz eraginkorragoa da bigarrenetan baino.
Munduko aberatsenak dira, munduko aberastasun gehiena biltzen baitute, baina biztanleriaren %10 inguru baino ez. Zortzi herrialde horien erabakiek ondorio handiak dituzte mundu osoan, aldarrikatzen duten demokrazia beren diskurtsoetan geratuta. G8k munduko arazoei konponbideak bilatzea omen du helburu, eta aurkitu ere aurkitu ohi ditu, beti ere bere interesen araberako konponbideak, ordea.