GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Military Inc., hara arazoa

Arazo handiaren alboan (edo barnean?), arazo txiki baina mamitsu bat dute hizpide arestian Pakistanen. Arazo handia, Chaudry epaile gorenaren kargugabetzeak sortu dituen liskar latzak eta krisi potoloa dira, eta haien sorburuan datzana: Musharraf lehendakari kolpistaren balizko jarrai- pena, agintean zortzi urte eman eta gero. Dozenaka hildako eragin ditu auziak. Arazo txikiak liburutxo baten izenburua du: «Military Inc. Inside Pakistan's Military Economy»; eta titulu horrek adierazten duen moduan, Armadak herrialde hartako ekonomian duen eskumena aztertzen du. Pakistango militarrei (eta Musharrafi) gutxi gustatu zaie bertan argitaratzen dena, eta ahalegin guztiak egiten ari omen dira liburua zabal ez dadin.

Ez da harritzekoa, iruzkingileek diotena egia bada: «Liburu honek erakusten du zergatik den hain zaila botere politikoa utzi eta euren kasernetara itzul daitezen Pakistango militarrak konbentzitzea», dio batek. «Pakistango militarren irabazpiderako eta irabaziekin eraikitako isilpeko inperio handiari begirada zorrotza botatzen dio», esaten du besteak. Pakistango militarrek klase sozial berezia osatu dutela eta, botere politikoan duten esku hartzeari esker, beren onurak eta pribilejioak gizentzen ari direla, izango litzateke tesia. «Pretorianismoa» da Ayesha Siddiqa Agha egileak fenomeno horri eman dion izena. Eta horrela, demokrazia ezinezkoa dela litzateke konklusioa. Zertaz ari den jakiteko motibo guztiak dituena da Ayesha Siddiqa anderea: hamaika urtez Pakistango Armadaren Itsas Ikerkuntza burua izan da, maila horretaraino iritsi den lehen emakumea. Bestalde, nazioarteko aditu militarren artean ospe handiko analista da.

Larria izanik, fenomenoa ez da, ordea, batere berria, izenak berak salatzen duenez: armen bitartez botere politikoa, eta honen bitartez oparotasun ekonomikoa lortu duten gizataldeak kontaezinezkoak dira historian. XIX. mendeko «espadón» espainolak edo XX. mendeko «milico» hegoamerikarrak gogoratu besterik ez dago.

«Atrakatzaile instituzionalizatu» hauen arazoa benetan larriagotzen duena ondorengoa da: joka dezaketen paper geopoliti- koaren truke lortzen duten «bedeinkapena». Suharto jeneralarekin gertatu zen Indonesian; Nezzar eta Lamari-rekin gero Alge- rian; Musharrafekin orain Pakistanen... Turkian ikus dezakegu hurrengo adibidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo