GARA > Idatzia > Kultura

Behin lekua hartuta, kalitatea du erronka Xaloa telebistak

Xaloak hamar urte daramatza Malerreka, Bertizarana eta Baztanen euskarazko telebista eskaintzen. Behin egonkortasuna lortuta, kalitatearen aldeko apustua egin eta, irudimena lagun dutela, muga administratiboei aurrea hartzea dute helburu.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Euskararen normalizazio prozesuan orain hamar urte sortutako telebista da Xaloa. Elizondotik Nafarroako hiru eskualdetara -Bertizarana, Baztan eta Malerreka- helarazten du bere uhina eta, behin biztanleen etxeetara sartzea lortuta, kalitatea hobetzea du erronka. Ekoizpen taldeko kide eta albistegietako esatari Joseba Igarabidek halaxe azaldu du: «Ikusi dugu bertakoak izanik bertakoei sekulako interesa sortzen diela gu bezalako telebista izateak eta, horrenbestez, kalitatea hobetu nahi dugu, egungo ordu kopurua mantenduta».

Sortu zen urtetik hona laguntza bezainbeste oztopo izan dituzte eta, azken horiei aurre egiteko, irudimena eta emankortasuna izan dituzte oinarri. Nafarroako Gobernutik ez dute laguntzarik jasotzen, bai ordea Lakuako Euskara Sailetik. Baina, gizartearen inplikazioa izan da gakoa: «Batetik, jaso genuen harrera bikaina eta, bestetik, bertako merkataritza sektorearen publizitatea. Baina, jakina, horrek ere baditu bere mugak».

Hasierako garai haietan ordubeteko programazioarekin hasita, egun 7,5 ordu ekoizten dituzte asteko eta gainerako orduak (hogeita bat guztira) Tokiko -zazpi telebistek osatutako elkargunea- hedabideen arteko saio-trukeen eta euskarazko programen erosketen bidez osatzen dituzte. Baina, tokiko gizartearen nahiak betez, ekoizpen propioan indar eta ahalegin berezia jarri eta, hartara, egunero albistegi «potentea» -bost berri, sei tokiko berriemaile, agenda, eguraldia baita argazkien bidez zoriontzeko zerbitzua ere, «agian kanpora begira zentzurik ez badu ere, hemengoei gustagarri zaiena»- eta eguneko saio finko bat -kirola, nekazaritza, kultura, erreportajeak... baita emakumezkoei zuzendutako programa bat ere- eskaintzen dituzte. Gainerako orduak zuzeneko emankizunen bidez osatzen dituzte: «Kirola, kontzertuak, mahai inguruak... inguruan sortzen joaten dena».

Digitalizazioari begira, ezkor azaldu da Igarabide: «Lizentzien mapatik kanpo geratu gara eta, beraz, mapan ez gaudenez, hemen inork ezin du ezer eskatu. Badirudi konponbide bat eman nahi diotela, baina mementu honetan hala gaude, egoera alegal batean-edo».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo