Azkenean... bidegabekeriengatik baino areago bere lanagatik da ezaguna Josu Lariz
Atsegina da berri onak jasotzea, eta neurri berean da pozgarria Josu Lariz sukaldaritza aldizkari bateko orri batean ikustea. Eltze artean egindako lanak ezagun egin zuen Montevideon, baina denbora luzean, estradizioak eta kanporaketak direla-eta, bidegabekerien isla izan zen.
Maider EIZMENDI
Gozoak ez diren une asko pasatu ditu azken urteetan Josu Lariz antzuolarrak, baina sukaldaritzan egindako lan handiak errekonozimenduaren eztitasunak eman dizkio dastatzera. Urteak daramatza arlo horretan muturra sartuta, baina eltze artean egindako lanagatik baino areago, Uruguaiko justiziarekin izandako arazoengatik hartu zuen sona bai Euskal Herrian baita Uruguain ere.
1988an joan zen antzuolarra Uruguaira Estatu espainolean egin zioten jazarpenatik ihesi. Berehala ekin zion bertan bizia moldatu eta gaztetatik afizio izan zuen sukaldaritzan lan egiteari. Etxetik eta Euskal Herritik urrun egotera bere burua egin zuenean, urteak iraun zuen amesgaiztoa iritsi zen; 1992ko maiatzean, hain zuzen ere. Uruguaiko poliziakideek preso hartu zuten, beste hainbat euskaldunekin batera, eta urtebete eta bi hilabete espetxean pasatu ostean, aske utzi zuten Estatuko epaitegiek Estatu espainolaren estradizio eskaerari ezetz esan ostean. 2001ean, ordea, Uruguaiko Polizia etxean sartu zitzaion, eta «deliturako elkarte batekin kolaboratzea» egotzita preso hartu zuten hilabetez. Hurrengo urteko uztailean berriz ere atxilotu zuten Estatu espainolak egindako estradizio eskaeraren ostean. Beste behin ere ezezkoa eman zioten epaileek asmo horri. Aske geratzekotan zenean, ordea, Jorge Batlleren gobernuak sinatutako dekretu batek kanporatzeko agindu zuen, eta senide eta lagunei inolako informaziorik eman gabe, hegazkin batean sartu eta Argentinarako bidean jarri zuten. Lurreratu zenerako zain zituen Interpoleko bi poliziakide argentinar. Aukerari probetxu atera nahian, Baltasar Garzon epaileak beste behin ere estradizio eskaera egin zuen, eta berriz ere ezezkoa eman zioten.
«El vasco»ren itzulera eske
Argentinan egin zuen garaian Josu Larizek elkartasun keinu hainbat jaso zituen. Asko Euskal Herritik bertatik bidalitakoak, beste asko Uruguain utzitako adiskide eta lagunek helarazitakoak. Hainbatek eskatu zuten behin eta berriz «el vasco» itzultzeko eta hainbat egunkarik arreta berezia eskaini zion antzuolarraren kasuari. Argentinan ere, makina bat elkartek egin zuen euskalduna Uruguaira itzultzeko eta sinatutako dekretua baliogabetzeko eskaera. Estatu espainolak, berriz, presio handia egin zuen altzuolarra estradita zezaten.
Gobernu aldaketarekin, Josuri egoera konponduko zion erantzuna iritsi zitzaion; izan ere, kargua hartu ostean, Tabare Vazquez presidenteak dekretua baliogabetu zuen, legez kanpokoa joz, eta gisa horretan itzuli zen Lariz Uruguaira, ongietorrien eta lagun eta bizilagunek egindako harrera beroen artean.
Orduz geroztik, berriz ere euskal sukaldaritzaren zentzu eta zaporeak dastarazten ditu Montevideoko bizilagunen artean Baserri Etxea jatetxean, eta itxura guztien arabera, gainera, ondo hartua die neurria bertako ahosabaiei. Orain bi urte, Placer Sarietan, Atzerriko Sukaldaritza jatetxe onena izendatu zuten berea, eta azkenaldian sukaldaritza aldizkarietako orrietan ikusi ahal dituzte antzuolarraren lana eta abilezia. Azken agerraldietako batean, Uruguaiko euskal sukaldaririk onenatzat jo dute, eta Baserri Etxe jatetxean egiten duen lanaren isla, bere plateretako bat (legatz betea marea beltz eran) jaso badute ere, astean bitan Euskal Etxean sukaldaritza eskolak ematen egiten duen lana eta euskal sukaldaritza tradizionala babestu aldera egindako esfortzua nabarmentzen dute.
Azkenean, beraz, denagatik, hau da justizia espainolaren jazarpenetik ihesi joan zen sukaldari fina izateagatik da ezaguna, eta atzean utzi ditu bidegabekeriak. Amesgaiztoa hasi zenean, ondo azaltzen zuen elkarrizketa batean, ordura arte Uruguain eginiko bizimodua: «Nik eta adiskideek lagun handiak egin ditugu, gure sukaldaritzagatik ezagun egin gara eta hemengo ohiturak hartu ditugu; esaterako, matea hartzea. Bestetik, beti izan dut kontaktua Uruguaiko euskal diasporarekin, musean jokatu, euskaraz hitz egin... Euskal Herritik iristen diren notizien zain ere izaten gara». Guztia eten zen orain urte batzuk, baina berriz ere Argentinatik itzultzean ohitura zaharrei heldu zien.