Aizkora Urrezko Lehiaketa
Nazabalek hasieratik bukaerara menderatu du Olasagasti
Igeldoarra ahalegindu zen nafarra estutzen, baina Etxarrikoak irabazi zituen saioko proba guztiak
Jon LEUNDA | AZPEITIA
Ez zen ezusterako tarterik izan, eta aurten ere Floren Nazabalek eraman du Urrezko Aizkolarien txapela. Bi final izan dira aurten lehiaketa horretan. Binakakoa, eta Bakarkakoa, eta bietan izan da onena Etxarriko aizkolaria.
500 ikusle inguru batu ziren Azpeitiko Landeta kiroldegian finala zuzenean ikusteko asmoarekin. Dirua nafarraren alde atera zen, eta lehen saiotik aitzinetik jarri zenez, oso gutxi jokatu zuten zaleek.
45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztuz abiatu ziren aizkolariak. Horretan Nazabalek 41 behar izan zituen, eta hamar gehiago Olasagastik. Hala ere, Igeldokoari adar itxusi bat egokitu zitzaion, eta horrek kolpe gehiago emanarazi zizkion.
Bigarren lanean, tamaina bereko enborra zuten aurrez aurre, eta erlojuz kontra erdibitu behar izan zuten. 52 segundotan bota zuen nafarrak, eta segundo bat gehiago behar izan zuen gipuzkoarrak.
Hirugarren lanean, kana-erdiko bat zutik moztu behar zuten bi aizkolariek, eta horretan tarte handia atera zion Etxarrikoak. Florenek minutu bat eta 58 segundo behar izan zituen lana burutzeko, eta bi minutu eta 23 segundo, berriz, Igeldokoak.
Laugarren lanean oinbiko bat ebaki behar zuten, eta horretan ere Nazabalek alde nabarmena atera zion: 3.19 izan zen bere denbora, eta 3.48, berriz, Olasagastirena. Lan bakarra geratzen zen dena amaitzeko, eta Nazabal alde nabarmenarekin heltzen zen saio horretara. Aldea mantentzea nahikoa zuen, eta horixe egin zuen.
Gipuzkoarra oso indartsu abiatu zen, eta lehen enborretan aurretik ere ibili zen, baina apurka-apurka gain hartu zion Nazabalek, eta amaiera oso lasaia izan zuen. Hala, txapela segurtatu egin zuen: 15.57 izan zen bere denbora, eta 16.38 Olasagastirena. Atzo egin beharreko guztziak egiteko, 22 minutu eta 47 segundo behar izan zituen Nazabalek, eta 24 minutu eta 32 segundo behar izan zituen Olasagastik.
Nafarra zen irabazteko faboritoa, eta gaur egun bera dela onena erakutsi zuen. Olasagastik berak esan zuen astean zehar oso zaila izango zela irabaztea, eta hala izan zen, baina berak egindako lana ere jendeak eskertu nahi izan zuen, eta amaieran txalo artean agurtu zuten aizkolaria.
Urrezko Aizkora amaitu da, eta Txapeldunen Liga izango bada ere, hemendik aitzinera txapelketa ofizialek hartuko dute indarra. Herrialde bakoitzak berea izango du, eta gero Euskal Herrikoa izango da. Horixe izango da urteko ekinaldirik garrantzitsuena, Nazabalek hurrena lortu nahi duen txapela.
500 ikusle inguru batu ziren atzo Azpeitiko kiroldegian lau final zuzenean ikusteko asmoarekin, agian hasieran uste zena baino gutxiago. Goi mailako lau neurketa zirenez, telebistak zuzenean eskaini zuen, eta jende kopurua gutxitu zen. Garbi dago apustuek erakartzen dutela jenderik gehien.