GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Rekondo eta Atutxa II.a izan dira gazteen lehiaketako bi onenak

J.L. | AZPEITIA

Maila nagusiko finalaz gain, beste bi txapel ere erabaki zituzten atzo Azpeitiko kiroldegian, eta bietan aurrez ikusitakoak bete egin zituzten. Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo ziren txapelak lortzeko faboritoak, eta ez zuten huts egin.

23 urtez azpikoen finalean, Rekondok Mugertza II.a zuen aurrean, eta leitzarrak saioko proba guz- tiak irabazi zituen. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu abiatu ziren, eta nafarrak 37tan bota zuen. 39 behar izan zituen mutrikuarrak.

Erlojuz kontrakoan, Rekondok 51 segundotan bota zuen enborra, eta hiru segundo gehiago behar izan zituen mutrikuarrak. 45 ontzakoa zutik mozten, 58 segundo behar izan zituen nafarak, eta 1.20 gipuzkoarrak. Lan luzean, 11.33 izan zen Rekondoren denbora, eta 12.40 Mugertzarena. Lan guztiak burutzeko, 13 minutu eta 58 segundo behar izan zituen Rekondok, eta 15.38 Mugertzak.

18 urtez azpikoak

18 urtez azpiko finalean, Atutxa II.a zen irabazteko faboritoa, eta bizkaitarrak ez zuen hutsik egin, finaleko proba guztiak irabazi egin baitzizkion Kañamares III.ari.

45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu abiatu ziren, eta bizkaitarrak 36tan erdibitu zuen, eta 48tan nafarrak. Tamaina bereko enborra erlojuz kontra erdibitzea izan zen hurrengo saioa. Horretan Atutxak 56 segundotan egin zuen, eta 1.05etan Kañamaresek.

Hirugarren lanean, oin bateko bat zutik erdibitu behar zuten, eta horretan ere Atuxak irabazi zuen. 53 segundo izan zen bere denbora, eta 1.13 Kañamaresena. Lan luzean ere bizkaitarra nagusi. 11.27 Atutxarena, eta 12.43 Kañamaresena.

Lan guztiak burutzeko, 13 minutu eta 52 segundo behar izan zituen Atutxak, eta 15.47 Kañamaresek. Atzoko aizkorako hiru finelatik bi txapel Nafarroara joan ziren, eta bat Bizkaira. Gipuzkoak bi ordezkari izan zituen, baina ez zuen irabazi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo