JOANA REGEIRO, BATASUNAKO POLITIKA FEMINISTAKO ARDURADUNA ETA AINHOA ETXAIDE, LAB-EKO IDAZKARIORDEA
«Emakumeak aktibo bat izan behar dugu eraldaketa prozesu honetan»
Oihana LLORENTE | DONOSTIA
Sexuen arteko harreman parekideak sortzeko eta, era berean, ezker abertzalea eragile feminista bilakatzeko bidean, ezinbestekoak dira urratsak egitea. Datorren larunbatean beste pauso bat emango du ezker abertzaleak, Ezker Abertzaleko Emakumeen III. nazio batzarra izanen baita. Bertan, ezker abertzaleak garatutako prozesu feministaren inguruko balantzea eta aurrera begirako erronken gogoeta egingo dituzte. GARA, Batasuneko mahaikidea eta politika feministaren arduradun Joana Regeiro eta LAB sindikatuko idazkariorde Ainhoa Etxaiderekin mintzatu da, prozesu feminista ematen ari den gazi-gozoak ikertzeko xedez.
Prozesu feminista abiatu zenetik 10 urte inguru igaro dira jada. Zein hausnarketek eraman zuen ezker abertzalea era horretako prozesu bati ekitera?
Ainhoa Etxaide: Emakumearen egoera ezker abertzalearen proiektuan eta estrategian nola jasotzen zen aztertzerakoan, hutsuneak ikusi genituen. Hausnarketaren oinarrian, ezker abertzaleak emakumearen egoeraz egiten zuen hausnarketa, eta horren aurrean ematen zuen edo ematen ez zuen erantzuna zegoen. Eta bien arteko gabezi nabarmenak aurkitu ge- nituenez, eraldaketa baten beharra azaldu zen. Behin hausnarketa hori eginda, egoera eraldatzeko estrategia bat markatu genuen eta hor kokatzen dugu abiatutako prozesu feminista.
Joana Regeiro: Ezker abertzaleak bere jarduera koherente egiteko zuen beharrak ere bultzatu gintuen prozesu feministarantz. Lehenengo fase batean, erakundez erakunde egindako diagnostikoek argiki erakutsi zuten emakumearen arloan inkoherentzia handiak zeudela, eta hortaz, ezinbestean, desoreka horiei aurre egiteko neurriak ezartzeari ekin behar geniola erabaki genuen.
Zein zutaberen gainean oinarritzen da abiatutako prozesu feminista?
A.E.: Prozesu feminista bi zutaberen gainean jarri genuen. Batetik, ezker abertzalearen proiektu politikoak euskal herritar ororen alternatiba izan behar duela argi genuen, eta hortaz, emakumearen errealitateari irtenbidea eskaini behar dion proiektua da eraiki beharrekoa, hau da, feminista. Bigarren zutabea ordea, ezker abertzalea bera benetako eragile feminista bilakatzean oinarritzen da.
Era labur batean zeintzuk dira prozesu feministaren helburuak?
A.E.: Ezker abertzaleak eraiki nahi duen Euskal Herrian, gizon eta emakumeen arteko beste harreman eredu batzuk sortu nahi ditu. Harreman eredu berri horri begira, ezker abertzalea eredu bilakatu behar dugu eta horretarako ezker abertzalea eragile feminista bihurtu behar dugu. Hau guztia lortzeko, ezinbestekoa da gure artean gertatzen diren desoreka eta diskriminazio egoerak gainditzeko bitartekoak jartzea eta horretarako gauzatzen ari gara prozesu feminista.
J.R.: Diagnostikoetatik aztertutako egoera ikusita, helburua ez da soilik kuantitatiboki ezker abertzalea parekide bilakatzea, hortaz haratago norberaren eta kolektiboaren jarreretan eragina izan behar duen beste kultura militante bat eraiki behar dugu. Formetaz harago, baloreetan eragina izan behar duen aldaketa da bultzatu nahi duguna.
Eta zeintzuk izan dira prozesuaren oinarri eta bermeak?
A.E.: Ezker abertzaleko emakumeak izan dira prozesu honetako benetako motorra eta ardatza. Haien arteko eztabaida, hausnarketa eta gogoetak bultzatu zuten prozesua, eta une oro egindako lana izan da prozesuaren bermea. Ezker abertzaleko emakumeek iraunkorki lanean aritu den sarea osatu dute eta horixe izan da prozesuaren motorra. Emakumeek hartutako erabaki eta konpromisotik abiatu bada ere, ezker abertzalea osatzen dugun gizon eta emakume guztiok lortutako adostasuna eta ardura izan dira benetako gakoa, prozesu feminista egin behar den ardura guztiona izatea lortu dugu.
Nola garatu da prozesua? Zein fase izan ditu? Zer-nolako garapena?
A.E.: Lehen urratsa prozesu abiatu beharraren inguruko erabaki politikoa hartzea izan zen. Emakumeak izan ziren dudarik gabe aitzindari lana egin zutenak, haietako batzuk aferaren inguruko hausnarketak egin eta 2001. urtean Etxarrin egin genuen Ezker Abertzaleko emakumeen lehenengo batzarrarekin prozesu feminista egitearen konpromiso eta apustua hartzen da. Horren ostean, erakundeetako zuzendaritzen txanda iritsi zen, haiek prozesu feministarekin bat egin eta prozesu feminista ezker abertzalearen osotasunaren apustu eta konpromiso politiko bilakatu genuen.
J.R.: Erabakia hartu eta, prozesua diseinatzeari ekin genion. Hasiera batean erakundez erakunde egindako diagnostiko feministak egin genituen, benetako arazo eta errealitateak islatzeko xedez eta haietan oinarrituz erakunde bakoitzak barne plana egin du.
Bigarren fase batean, barnera begira egindako urrats eta hausnarketak proiektatzeari ekiten diogu, hau da, ezker abertzalearen jarduera publikoan jarri dugu arreta. Gure asmoa, gizon eta emakumeen arteko beste harreman eredu bat eraikitzea bada, harreman eredu hori definituko duten oinarri feministak zehaztu behar genituen eta horri ekin genion. Ezker abertzaleko emakumeen bigarren batzarrean definitu genituen horiek.
Ezker abertzaleko erakundeek euren diagnostiko feministak egiterakoan, zein errealitatearekin topo egiten dugu?
A.E.:Lehenik eta behin, partehartzean zeuden desorekak ikusi genituen; ezker abertzaleko militantziaren ehuneko handi bat gizonezkoa baitzen. Baina kopuruaren zergaitiei so eginez, elementu ugarirekin egin genuen topo. Adin tarte batetik aurrera emakumeen presentzia desagertzen zela ohartu ginen eta horren atzean, amatasuna, guraso helduen zaintza edota lan munduan emakumeek bereziki bizi duten esplotazioa aurkitu genituen. Finean, emakumeei norberaren bizitza proiektua eta militantzia uztartzea zaila edota batzuetan ezinezkoa egiten zaiela ikusi genuen. Faktore horiek guztiak, prozesu feministaren baitan aztertu beharrekoak zirela ohartu ginen eta noski, eraki nahi dugun eta erakitzera goazen kultura miltante berri horretan aintzat hartzeko elementuak direla erabaki genuen.
J.R.: Datuetaz harago, egunerokotasuneko hainbat jarreretan diskriminazio egoerak ere izan zirela ikusi genuen. Gehienetan, ohartu gabeko diskriminazio egoerak ziren; baina hor zeudenak eta arreta berezia behar zutenak.
Prozesu feministaren emaitzak ikusgarriak al dira jada?Zein tzuk dira horiek?
J.R.: Egia da prozesu femininistaren emaitzak epe luzean ikusiko ditugula, kultura militantea errotik aldatzea ez baita egun batetik bestera egiten. Hala ere, ezker abertzaleko emakumeok aldaketa beharra mahai gainean jarri dugu eta hori oso garrantzitsua da.
A.E.: Hala ere, egindako lanak hainbat fruitu ere eman ditu. LABeko zuzendaritza adibidez, erabat parekidea da orain, eta Batasuneko mahai nazionalaren konposaketa berrian ere emakumeen parte-hartzea asko handitu da. Esanguratsua den beste kontu bat jarrera sexisten aurrean ezarri beharreko protokoloa da. Jarduerari begira ere, aurrerapausoak eman ditugula deritzot; egia da oraindik hutsune ugari daudela baina aurrerapausoak ere nabariak izan dira, ezker abertzalea erreferente feminista bilakatzen ari gara.
Zein helburu bete nahi du hirugarren batzar horrek?
A.E.: Prozesu feministak aurrera egiteko beharrezkoak dituen bitartekoak eta oinarri ideologikoak erabat zehaztuak ditugu jada. Orain ezker abertzalearen jarduera koherente egiteko garaia heldu zaigu, bai bere jarduera orokorra baita bere praktika feminista ere. Zehaztutako oinarri ideologikoak aintzat hartu eta ezker abertzalearen praktika nola koherente egin zehaztu nahi dugu eta hor kokatzen dugu hirugarren batzarra.
J.R.: Hamar urte igaro ostean ezinbestekoa da balantzerako denbora hartzea. Ibilbidea aztertu, aurkitutako trabak baloratu eta aurrera begirako perspektiban ezker abertzalearen praktika nola koherente egin eztabaidatu nahi dugu. Gainera, orain artean egindako urratsak atzeraezinak bilakatzeko zein neurri hartu behar ditugun aztertu behar dugu, hau da, nola lortu emandako aurrerapausoak behin betiko finkatzea.
Zergatik animatuko zenituzkete ezker abertzaleko emakumeak batzarrean parte hartzera?
J.R.: Emakumeen artean garatu behar dugu prozesu feministaren ardatza eta horretarako ezinbestekoa da gure artean kohesioa egotea; ezker abertzaleko emakume guztiak sare erreala osatu behar dugu eta guztion aktibazioa ezinbestekoa da bide horretan. Ezker abertzaleko emakumeak aktibo bat izan behar dugu eraldaketa prozesu horretan. Hutsuneak, zailtasunak eta beharrak non daude behin identifikatuta, orain, emakumeen indarrak zentratu eta mahai gainean ditugun erronkei heltzeko ordua iritsi da.
Eta aurrera begira, non dago iparrorratza?
Aurrera begira erronka handiak ditugu baina ziurrenik esaguratsuena, emakumeen eskubideen aldeko borroka ireki zaigun fase politikoan kokatzean datza. Azken finean, eraiki nahi dugun esparru demokratikoak emakumeen eskubideak aitortu eta bermatu beharko ditu eta hortaz, ezker abertzalearen praktika helburu horiei erantzun behar die ezinbestean.