GARA > Idatzia > Herri-kirolak

harri-jasotzea Urrezko Lehiaketa

Izetatarrek kubikoarekin erabaki zuten finala

Aiako aita-semeek lan bikaina egin zuten, eta kubikoarekin ateratako bost jasoalditako aldea erabakigarria izan zen amaieran txapela lortzeko

Jon LEUNDA | AZPEITIA

Izeta aita-semeek irabazi zuten harri-jasotzaileen Urrezko Lehiaketa. Atzo Azpeitian jokatu zituzten lau finaletatik ederrena izan zen, norgehiagoka bikaina jokatu baitzuten. Estua izan zen saioa, baina txapelak Aiara joan ziren. Dirua izetatarren alde atera zen.

Kirolarien artean oreka handia zegoen, baina kubikoa zen aiarren gustuko harria, eta bola, berriz, Ostolatzarena eta Zelailuzerena. Azkenean kubikoak erabaki zuen txapela, aiarrek bost jasoalditako aldea kendu baitzien aurkariei, eta amaieran hortxe egon zen gakoa.

Harri-jasotzaileek lau lan egin behar izan zituzten. Hasteko, 100eko zilindro zaharrarekin aritu ziren. Harri horrekin aritu ez ziren beste biak 125eko zilindro berriarekin neurtu ziren. Hirugarren lanean 113 kiloko kubikoa zuten, harri horrekin, bikote bakoitzeko kirolari batek minutu batean aritu behar zuen, eta denborarik geratu gabe hartu behar zuen txanda besteak. Azkenik, 100 kiloko bola erabili behar izan zuten, txanda librean. Harri bakoitzarekin aritzeko bina minutu izan zituen biko bakoitzak.

100eko zilindro zaharrarekin hasi ziren lanean, eta Izeta IV.a eta Zelailuze lehiatu ziren. Bi kirolariak batera, gainerako proba guztietan bezalaxe. Oreka oso handia izan zen bien artean, baina bizkaitarrak jasoaldi bateko aldea kendu zion Izeta gazteari. 26 aldiz berdindu zuen harria bizkarrean, eta aiarrak, berriz, bat gutxiago. 100 kiloko abantaila hartu zuten Ostolatzak eta Zelailuzek.

Jarraian 125eko zilindro berriaren txanda heldu zen. Harri horrekin Izeta II.a eta Ostolatza lehiatu ziren. Horien artean ere dema ikaragarria izan zen. Zestoarra aurretik ibili zen ia saio osoan, baina Izetak sekulako amaiera eman zion saioari, eta jasoaldi bateko aldea kendu zion. 27 jasoaldi eman zizkion harriari, eta bat gutxiago Ostolatzak. Bigarren lana amaituta zegoen, eta izetatarrek 25 kiloko aldea zuten orain.

Hirugarren lana zen erabaki zezakeen saioetakoa, eta azkenean horrexek erabaki zuen. 113 kiloko kubikoa zuten lanerako, eta biko bakoitzeko kiriolariak minutu batean aritu behar zuen lanean, eta txandatzerakoan ez zen denborarik geratzen. Izeta II.a eta Ostolatza abiatu ziren, eta aiarrak sekulako lana egin zuen. Harri horrekin oso ongi aritzen da, eta minutu batean bost jasoaldi kendu zizkion Ostolatzari. Bigarren minutuan Izeta IV.a eta Zelailuze sartu ziren lanean, eta Izeta gazteak aitak lortutako aldeari eustea nahikoa izan zuen ia finala erabakita uzteko. 25 jasoaldi eman zizkioten harri honi, eta 20 Ostolatzak eta Zelailuzek.

Finala bukatzeko saio bakar bat geratzen zen, eta 100eko bola zen hori. Txanda librean egin behar zuten. Ostolatzaren eta Zelailuzeren gustuko harria zen hori, baina sekulako lana egin beharra zuten aiarrak menderatu ahal izateko.

Oso lan ona egin zuten finala galdu zuen bikoak, proba horretan garaile atera ziren, baina bi jasioalditako aldea ez zen nahikoa izan. Ostolatzak eta Zelailuzek 33 aldiz berdindu zuten harria bizkarraren gainean, eta 31, aldiz, izetatarrek.

Hala, orotara, Izeta II.ak eta Izeta IV.ak 108 jasoaldi eman zituzten (11.800 kilo), eta Zelailuzek eta Ostolatzak, berriz, 11.523 jasoaldi eman zituzten (105 jasoaldi).

Familia berekoak

Gaur egun goi mailako lehiaketa batean aita eta semea batera ikustea ez da erraza, eta are gutxiago txapeldun izatea. Izeta II.ak eta Izeta IV.ak lortu zuten atzo, eta agian ez da azkenekoa izango, biak baitaude sasoi betean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo