GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sarkozyren politikari aurre egin eta egiazko ezkerreko alderdia eraiki nahi du LCRk

Presidente berria «itxurakeriaz beteriko neurriak» hartzen ari dela salatuta, LCRn helburua bere «politika ultraliberalari aurre egitea da, baita tokian-tokiko gaietan ere». «Benetako ezkerra» eraikitzera dei egin du.

Maria AIZPURUA |

«Sarkolandian gaixo bat kotxe bat bezala da: frankizia ordaindu behar du». Hitzokin, LCRko hautagaiek Nicolas Sarkozy plantan ezartzen hasi den neurria, hots, gizarte segurantzan daudenak urteko 40 euroko frankizia ordaintzeko betebeharra, irudikatu zuten atzo Baionan egindako agerraldian. Presidente hautatu berriaren beste hainbat neurri ere gogor kritikatu zituzten eta «politika ultraliberalaren» ondorio direla esan zuten. Martine Mailfert V. hautes-barrutiko hautagaiarentzat, «jendea etxea erostera bultzatzearekin eta bizitza osorako zorpetzearekin» ez da etxebizitzaren arazoa konponduko, ezta «aparteko lanordu gehiago eginez, langabezia konponduko. Ordu horiek, gainera, ez lirateke jubilaziorako kontatuko».

«Itxurakeriaz jositako neurriak besterik ez dira, Sarkozyri egunero komunikabideetan agertzea ahalbidetzen dizkietenak, baina herritarrak eta langileak ez dituzte engainatzen», esan zuen Mailfertek. Horren isla han-hemenka dauden grebak (SFR, Kronenbourg) edo okupazioak (Leia) dira.

Ingurumenaren defentsan ari diren hainbat talderekin Sarkozyk antolatu duen «meza ekologikoa» ere azpijokotzat hartu zuen: «Egiaz arazoak bere horretan daude. Sarkozyk ez du ezer geldiarazi, ez transgenikoen erabilera, ez 2x2 errepidearen proiektua, eta zementua besterik ez da ari bultzatzen».

Epelkeria ordaintzen

PSk, urtetan egindako politika ez dela ezkertiarra izan eta jarrera epela ordaintzen ari dela gaineratu zuen Mailfertek, «benetako ezkerreko mugimendua birsortzeko» LCRk egin duen deialdia berretsita.

Kanpaina hasieran aurkeztu zuten urgentziazko planaz gain, bi helburu horiek -Sarkozyren politikari aurre egitea eta egiazko ezkerra berreraikitzea- adierazi zituen LCRko hautagaiak bigarren itzulirako, halere, «eta komunean ezer gutxi» dutela argi utzita, ezkerreko hautagaien alde bozkatzeko eskatuko dutela esan zuten.

Ostiralean, 20.00etan, mitina egingo dute Baionako lan- burtsan.

Hautagai andanak babestu du Bateraren kontsulta-eskaera

Hemezortzi hautagaik bat egin dute departamenduaren sorrerari buruz herri-kontsulta egiteko eskaerarekin: France en Action-eko, LCRko, Berdeetako, EH Baiko eta UDF-MoDem-eko guztiak; IV eta VI. barrutiko PSkoek (Jean-Pierre Domecq eta Sylviane Alaux), UMPko Hervé Lucbereilhek (IV) eta PCko Louis Labadotek (IV). Baterak gutuna igorri dio Nicolas Sarkozyri eskaera izenpetu dutenen berri emateko eta kontsultaren gaiari buruz beren zerbitzuekin bilera eskatzeko.

Plataformaren gainerako eskakizunei dagokionez, -departamendua, euskararen koofizialtasuna, Laborantza Ganbera eta unibertsitatea- iritziak oso desberdinak dira. Arestian aipaturiko lau alderdietako hautagaiek guztiak babesten dituzte, baina besteen artean jarrera askotarikoak daude, nahiz eta alderdi berekoak izan. Horrela, PSko Alaux bat dator eskaerekin baina Domecq ez dago unibertsitatearen eta departamenduaren alde. UDFko bik (Machenaud eta Chabot-Nadin) eskaerak onartu dituzte baina ez du hala egin IV. barrutiko Jean Lassallek. PCko Marie-Josée Espieubek (V) euskara eta Laborantza Ganbera soilik babestu ditu. Gainerakoek bakar bat ere ez. M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo