GARA > Idatzia > Ekonomia

Hiru greba egun Bizkaiko merkataritzan, LABek, ELAk, UGTk eta USOk deituta

ELAk, UGTk, LABek eta USOk hiru greba egun antolatu dituzte Bizkaiko merkataritzan. Bi urte baino gehiago hitzarmen barik egon ostean, ordu bakar bat ere ez zaie murriztu, soldaten igoerak ozta-ozta heltzen dira KPIra, eta atzerakinak ez jasotzeko mehatxua jaso dutela diote.

Nerea GOTI |

«Bi urte baino gehiago hitzarmen barik egon ostean, merkataritzako sektore guztietan hiru greba egin eta patronalak erabateko mespretxua azaldu ostean, egoera oso larria da». Hitz horiekin deskribatu zuten LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuek ehun, altzari eta merkataritza oro har hartzen dituen sektorean dagoen egonezina, Bizkaian.

Ziortza Amestoi LABeko ordezkariak azaldu zuen sindikatuek deituta batzar bat izan zutela patronalarekin otsail aldean. Bertan, «mahaigaineratu zuten atzerakinak ez ordaintzearen mehatxua. Haiek ulertzen zuten hilda zeudela 2005 eta 2006 urteetako negoziazioak, eta 2007tik negoziatzeko prest azaldu ziren», zehaztutakoaren arabera. Proposamen horren aurrean negoziazioak apurtutzat eman zituztela esan zuen.

Izan ere, 2005 eta 2006 urteetako atzerakinak ez ordaintzeaz gain, sindikatuek nabarmendu zuten enpresariak ordu bakar bat murriztearen kontra agertzen direla eta ozta-ozta onartzen dutela KPIren igoera.

Hamaika mila langile biltzen dituen sektoreko hitzarmen kolektiboetan «norgehiagoka aritzea» patronalari «arriskutsuegi» gerta dakiokela esan zuten, eta nabarmendu zuten ez dutela onartuko hitzarmen kolektiboak «enpresako edo norbanako itunen truke» aldatzeko saiakera. «Gauza izan bagara geldiarazteko dendak jaiegunetan zabaltzeko ekimena», orain «soldata igoera duinak eta egungo lanaldi luzeak murriztu eta bizi-kalitatea hobetzeko» prest azaldu ziren lau zentralak.

20an, lehenengo greba

Gauzak horrela, hiru greba egunetara deitu dute lau sindikatuek. Hilaren 20an lehengo deialdia izango da Max Center-en, 26an Artea merkataritza gunean, eta uztailaren 2an Bilbon. Zehaztu zutenez, azalera handiko zentroek hitzarmen desberdina dute.

Ehun, altzari, metal eta orokorrean merkaritzako langileak daude deituta, eta nahiz eta zonaka deitu, nahi duenak greba egun bat, bi edo hirurak egin ditzakeela esan zuten, jokoan dagoena ez baita hitzarmen soila baizik eta jendearen duintasuna, nabarmendu zutenez.

CCOO, kanpoan

CCOOk lanuzteekin bat egingo ez duela esan du. Mobilizazioen porrota iragarri zuen, eta ELAren jokaera kritikatu zuen, hitzarmen kolektiboen aldeko borrokan itxurak egiteagatik, eta negoziatzeko borondate eza ezkutatzeagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo