«Mendia zen bizimodu guztiaren ardatza»
«Mendiminez» liburuaren egilea
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak historia hurbilaz idazteko antolatutako I. Tene Mujika bekaren irabazlea dugu Ramon Olasagati. Kazetariak bidaia berezia egin du hildako 22 mendizaleren ibilbidean. Haien oroimena berreskuratu nahi izan du «Mendiminez» liburuan.
Nola otu zitzaizun gai hau aurkeztea? Nolabait esanda, zorren bat al zeneukan kitatzeko?
Urte hauetan guztietan mendiari buruz idatzi dudanean, istripuak ere tartean izan dira, eta hauek ukitzea egokitu zait. Idaztean, besteak beste espazio arazoengatik, mendizale horien biografia oso era entziklopedikoan kontatzen duzu. Betidanik izan dut gogoa gai hori lantzeko, beste era bateko biografia idazteko. Eta gainera aitortu behar da hildako batzuen inguruan oso gutxi zegoela idatzita. Neurri batean zor bat kitatzeko izan daiteke. 22 lagunen pasioa jaso dut liburuan, hori da ikuspuntua; hau da, haien ibilbidea jasotzea eta ez soilik istripua. Mendia zen bizimodu guztiaren ardatza. Hil aurreko guztia jaso nahi izan dut.
Beraz, hildako euskal mendizale batzuen oroimena berriro gogora ekartzea izan duzu helburu. Jakin badakigu gai hauek, batez ere senitartekoentzat eta lagun minentzat, askotan gogorrak izaten direla. Marra hauskor horretan era egokian jardutea zaila izan al da?
Ez da erraza izan idaztea. Kasu batzuetan oso lagunartean jakineko historia zen. Liburuan ez nekizkien jarduera asko deskubritu dut. Oroitzeaz gainera, zer egin duten erakutsi dut. Bizitzan zehar izandako pasadizoak, bizipenak... horiek jasotzen saiatu naiz. Ez dut berritu (kasu batzuetan bai) istripuaren mementoa. Horregatik ez da hain gogorra izan. Jakina, ez da erraza senitartekoekin zein lagunekin hitz egitea. Baina ondoren eskertu egin dute; batzuentzat terapia modukoa izan da.
Neurri handi batean gai zaila aukeratu zenuen eta, beraz, zaila iruditzen zait idazteko era bera ere. Gai bereko beste liburu batzuetan ikusi izan dugu nabarmen hildako mendizalea neurriz kanpo nola goratzen duten. Uste dut «Mendiminez» ez dela aipatu dudan kasu horietako bat. Nabari da tentu handiz ibili zarela idazteko orduan.
Gauzak errepikatzearen beldurra bazuten argitaletxean. Hori bai, mendizale bakoitzaren nortasuna ezberdina da, eta horrek lagundu dit. Adibidez, Zulu jenio bizikoa zen; Miranda, aldiz, oso isila. Horregatik, biografiak ezberdinak dira.
Bestalde, ez naiz mitifikatzen saiatu, mendizale horiek heroi bezala agertzen. Menditik kanpo hori errazagoa da egitea. Felixek behin esan zidan: «Gizarte honen bekatua da heroien beharra». Zuk aipatzen duzun arriskua hor zegoen.
Beste irizpide bati buruz ere galdetu nahi nizun: hildako mendizaleen aukeraketarena. Pixka bat denetarik dago: Himalaialariak, alpinistak, eskalatzaileak, asko eman dutenak, hasiberriak... Zergatik hauek eta ez beste batzuk?
Hamalau dira biografia pertsonalak, eta gero bi kapitulu ezberdin daude: sarrerakoa eta Pumorikoa. Inpresioa dut liburuan daudenek egon behar dutela, eta egon ez dauden batzuk egon beharko luketela. Baina liburuak bere neurriak ditu eta ezin izan ditut denak sartu. Pedro Udaondoren berria, adibidez, liburua itxita zegoenean iritsi zen. Eta irizpideak? Bada, ibilbide oparoa izateaz gainera, aitzindariak izatea... Beste batzuk ez dute jarduera ikaragarririk egin, baina beste irizpide bat aukeratu dut: beraiekin izandako harremana.
Soilik emakumezko bat dago protagonisten artean: Miriam Garcia. Niretzat kapitulu hori liburuko pasarte sentikorrena eta poetikoena da.
Ados nago. Pertsona bakoitzak idazteko modu bat eskatu du. Miriamen liburua irakurri eta haren amarekin hitz egin nuenean, ez ninduen batere harritu Miriam zen bezalakoa izateak; haren ama ere oso lagun berezia da. Besteak ere bai, baina Miriamek beste idazteko era bat behar zuen. Alpinista zen, baina era berean ameslaria, eta besteei amets hori transmititzen jakin zuen.
Liburua irakurtzean konturatu gara baita ere Felix Iñurrategik jaso duela tarterik zabalena. Izar mediatikoa izan zelako? Bere heriotzak zu gehien kolpatu zintuelako?
Batetik, zuk aipatu duzun bezala, hedabideetan asko atera zen. Normala zen, Felixek oso ibilbide handia izan zuen. Eta bestetik, Felixekin oso lotuta nengoen. Mendiko gaietan hasi nintzenetik bere ibilbide osoa pausoz pauso jarraitu nuen. Gainera, Albertok oso gauza mamitsuak kontatu zizkidan.
Felixena aipatu didazunez, esan behar dizut Xabier Ansarekin zirrara berezia sentitu dudala. Ez nuen pertsonalki ezagutu, baina oso pertsona maitagarria eta berezia izan zela iruditu zait. Oso belaunaldi zehatz baten ordezkaria.
Zer eman dizu «Mendiminez»-ek?
Senitarteko zein lagun batzuen aldetik esker ona jaso dut. Ez dute hartu liburu triste bat bezala. Horrek poztu egin nau. Dei batzuk, musu batzuk, besarkada batzuk... ordaindu didate egindakoa. Esperientzia polita eta gogorra izan da.