mendi lasterketak Euskal selekzioa
Hitzordu garrantzitsuenetan euskal kirolariak bikain
Fernando Etxegarai Mendi Lasterketen Munduko Kopako lehenengo proban hirugarrena izan da. Euskal selekzioak, berriz, taldekako Espainiako Txapelketa irabazi du La Puyada de Oturian lehiatu zen proban lortutako postu onei esker.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Mendi lasterketen Munduko Kopa edo Buff SkyRunner World Series 2007 zirkuituak dagoeneko egin du bere lehenengo urratsa. Pasa den maiatzaren 20an izan zen, Bergako maratoiarekin (Katalunia). Egutegiko lehenengo hitzordua zen, eta lehenengo ezustekoa faborito asko ez azaldu izanak eman zuen.
Zirkuituak, berez, zazpi proba ditu eta, korrikalariek horrela nahi izanez gero, horietako pare batean ez aurkezteko aukera dute. Araudiaren atal hori aprobetxatuta, gizonezkoetan, bederen, hutsune garrantzitsu asko izan ziren. Izan ere, iazko sailkapen nagusiko lehenengo hamarren artean sailkatutako gehienak ez ziren izan Bergako maratoian: Ricardo Mejia, Agusti Roc, Fulvio Dapit, Rob Jebb... Hutsune horiei guztiei esker (Marco Rusconi italiarrak, iazko laugarrenak, korritu zuen), maila horretan lasterketa irekiagoa ikusi zen.
Nesken mailan, aldiz, faborito gehiago izan ziren Bergako maratoian. Bai, lehenengo proba honetan Angela Mudge, Corinne Favre eta Stephanie Jimenez izan ziren; iazko zirkuituaren txapelduna, txapeldun ordea eta bosgarren sailkatua, hurrenez hurren. Eta lasterketak eman zuenarekin hasteko, emakumezkoak izango dira kronikaren lehenengo protagonistak. Mudge eskoziarra irteera puntuan zegoenez, den-denek argi zuten irabaziko zuela, eta oso erraz gainera. Eta iragarpen guzti-guztiak bete egin ziren. Eskoziarrak ez zuen batere arazorik izan Munduko Kopako lehenengo proba hau irabazteko. Lasterketa guztian zehar izan zen nagusi; lehenengo kilometrotik 42. kilometrora arte. Mudgeren denbora 5:08:30 izan zen. Haren atzetik Favre geratu zen, hain zuzen ere 11 minutura. Eta hirugarren postua Jimenezentzat izan zen, 5:20:58 markarekin.
Euskal selekzioko ordezkariek, bestalde, postu onak erdietsi zituzten, baina irabazlearengandik oso urrun geratu ziren. Alizia Olazabal, adibidez, seigarren sailkatu zen 5:52:37 denborarekin, eta, horrela bada, Mudgek 44 minutu pasatxo atera zizkion. Zazpigarrena, berriz, Alizia Romero izan zen (5:58:40). Beste euskal korrikalari bat onenen artean sailkatu zen. Helena Perez dugu, eta bilbotarra hamargarrena izan zen 6:16.28 markarekin.
Mutilen mailan ez zen ezustekorik izan. Estatu espainoleko egungo korrikalari indartsuena den Raul Garciak irabazi zuen eta zirkuituko behin-behineko sailkapeneko lehenengo postualortu zuen zen. Madrildarrak, gainera, oso lasterketa ona egin zuen, eta maratoi horretako errekorra hautsi zuen 4:18:33 denborarekin. Bigarren postua Tofol Castanyer katalanak eskuratu zuen, eta helmugan Garciak ia hiru minutu atera zizkion. Madrildarra eta katalana lasterketa osoan elkarrekin joan ziren, baina helmugatik zortzi kilometrora Garciak ihes egin zion eta bakarrik iritsi zen.
Hirugarrena podiumean Fernando Etxegarai euskal selekziokidea izan zen 4:25:40 denborarekin. Oso lasterketa ona egin zuen, sasoiko ikusi genuen eta denbora bikaina erdietsi zuen. Beraz, hutsuneak hutsune, garrantzi handiko hirugarren postua Etxegarairentzat. Lehenengo hamarren artean beste bi euskal ordezkari ere izan ziren. Ionut Zinka zortzigarrena izan zen, txapeldunarengandik 20 minutura, eta Joxe Felipe Larrazabal hamargarrena 4:51:53 denborarekin.
Euskal selekzioa garaile
Pasa den igandean, berriz, Espainiako Txapelketa jokatu zen La Puyada de Oturian. Eta hitzordu honetan ere euskal selekzioa bikain aritu zen; izan ere, taldekako lehenengo postua lortu zuen. Guztira, 22 neska eta 154 mutil izan ziren irteera puntuan. Aurretik 38 kilometroko ibilbidea eta 4.400 metroko goranzko desnibela.
Gizonezkoen mailan, Bergako maratoian bezala, Garcia eta Castanyer izan ziren protagonistak. Katalana gogor lehiatu zen, eta 35. kilometrora arte lasterketaren buruan izan zen; Oturiako gailurrean lehenengoa izan zen eta mendi horretako igoera azkarrenaren errekorra egin zuen. Baina jaitsieran Garciak aurrea hartu zion eta bakarrik iritsi zen helmugara. Gainera, 3:14:45 denborarekin probaren errekorra ondu zuen. 3 minutura Castanyer iritsi zen eta hirugarrena Juan Carlos Apilluello. Euskal ordezkariei dagokienez, Larrazabal laugarren geratu zen, Jabi Olabarria seigarren eta Jesus Mari Romon zortzigarren.
Nesketan, bestalde, Maria Martinez izan zen onena 4:11:19 markarekin. Haren atzetik Roser Español iritsi zen eta hirugarren postuan Alizia Olazabal. Nerea Amilibia laugarren sailkatu zen.
Euskal korrikalariek erdietsitako postuei esker, euskal selekzioak taldekako garaipena erdietsi zuen. Bigarren selekzioa katalana izan zen eta hirugarrena aragoiarra.