GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gatazkak eta konponbideak aztergai Ingurumenaren Nazioarteko Egunean

Planetaren eta bertan bizi diren pertsonen «etorkizuna iluntzen duten mehatxu larriei» aurre egiteko eta alternatibak eraikitzeko lan egin behar dela adierazi zuen Ekologistak Martxan-ek atzo. Nazio Eztabaida Guneak eta Eguzkik behatokia sortuko dutela iragarri zuten.

Maider IANTZI |

Ingurumenaren Nazioarteko Eguna Nazio Batuek sortu zuten «herri iritzia sentsibilizatzeko», eta 1972tik ekainaren 5ero izaten da. Euskal Herrian ere hainbat ekologistak, taldek eta herritarrek egiten du bat egun horrekin, eta garapen jasangarria eta lurraren babesa aldarrikatzeko ekintza ugari izaten da, baita agintarien politika eta proiektuak salatzeko ere.

Ekologistak Martxan kolektiboak, adibidez, ingurumenarekin lotutako arazo garrantzitsuenetako batzuk oroitarazi zizkien atzo gobernuei eta gizarteari, «etorkizuna iluntzen duten mehatxu larriak» izan zituzten gogoan bereziki. Planeta eta bertan bizi diren pertsonak hamaika eraso eta mehatxu jasaten ari direla azaldu zuen: uraren eta haizearen kutsadura, baliabide eta gune naturalen suntsipena, bioaniztasuna galtzea, aldaketa klimatikoa, gosea eta miseria, baliabideak lortzeko sortzen diren gatazkak...

Ase ezinezko kontsumoa

Horren guztiaren erantzule nagusia, Ekologistak Martxan-en arabera, gizarte aberatsen ase ezinezko kontsumoa da. Datu bat eman zuen baieztapen hori indartzeko: biztanleen %20k baliabideen %80 baino gehiago xahutzen dute, baita hondakinen eta isuri kutsagarrien %80 baino gehiago sortu ere.

Gainera, talde ekologistaren iritziz, Lakuako Gobernuak hazkunde ekonomikoaren eta kontsumoa areagotzearen alde egiten du, eta jasangarriak ez diren proiektuak sustatzen ditu: AHT, erraustea, autoen zerbitzurako azpiegitura berriak, harrobiak... «Aktiboki parte hartu behar da alternatibak eraikitzeko, ezin baitugu txalupa hondoratu arte betetzen jarraitu», erran zuen.

Eguzkik eta Nazio Eztabaida Guneak ere ahoan izan zuten «garapenaren eta hazkundearen ondorioz lurrean daukagun etengabeko eragina». Horrek herri mugimenduen eta administrazioen artean sortzen dituen «eztabaida biziez eta liskarrez» jabeturik, Nazio Eztabaida Guneak lurrari buruzko eztabaida sustatu zuen joan den ikasturtean eta adostasuna lortu zuen bi lerro nagusiren inguruan: «Lurrak naziogintzarako eta naziogintzan lanean gaudenontzat izan behar duen garrantziaren inguruan, eta lurraren kudeaketa demokratiko eta parte-hartzailearen inguruan».

Eztabaidan sakontzea eta Ingurumen Gatazken Konponbiderako Behatokiaren oinarriak finkatzen hastea dute aurtengo helburu eta, horretarako, nazio jardunaldia antolatu dute heldu den larunbaterako, Eguzki eragile ekologistarekin batera. Egitarau betea prestatu dute Donostiako Ibaetako campusean egiteko, goizeko 9.30ean hasita. Barriola eraikinean, Mikel Galartzak, Daniel Oltzomendik, Rene Santamariak eta Javi Vazquezek ingurumen gatazkak aztertuko dituzte. Josu Larrinaga, Carlos Trenor, Carlos Alonso eta Iñaki Barcena, berriz, konponbiderako bitartekoez solastatuko dira. Ondorioak atera eta Ingurumen Gatazken Konponbiderako Behatokirako oinarriak finkatuko dituzte azkenik.

erabakitzeko era

Nazio Eztabaida Gunearen arabera, proiektuen inguruko iritzi kontrajarriak izateagatik eta erabakitzeko moduagatik sortzen dira eztabaidak eta liskarrak herri mugimenduen eta administrazioen artean

parte-hartzea

Parte-hartzean oinarritutako Lurraren kudeaketa demokratikoa egiteko mekanismoak aplikatzeko eskatu zuen Nazio Eztabaida Guneak, baita erabakitzeko eskubidean sakondu behar dela erran ere.

konpromisoa

Ekologistan Martxan-en aburuz, ez da aski jasangarriak ez diren proiektuak salatzea: bizimodu orekatuagoa izan eta ingurumena babesteko eta baliabide gutxiago xahutzeko konpromisoa hartu behar du herritarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo