GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Leire Beobide Askapenako kidea

Eskozia, zirt edo zart?

Hauteskundeen irakurketa baten arabera, SNPk 20 parlamentario irabazi ditu, baina beste taldeek ez dute hainbeste galdu. Gainera, ematen du boto guztiak ez direla independentziaren aldekoak, laboristen aurkakoak baizik

Maiatzaren 3an Eskoziako parlamenturako hauteskundeak izan ziren. Hauteskundeetan 129 parlamentario hautatu zituzten, eta emaitzak honakoak izan ziren (2003-2007): SNP-Abertzaleek 27-47, Laboristek 50-46, Kontsebadoreek 18-17, Liberalek 17-16, Berdeek 7-2, Besteek 10-1. 2003an besteren artean, Scottish Socialist Party (SSP), Solidarity, Nagusien alderdia eta independente batzuk zeuden.

Lehen irakurketa politikoak hauek izan dira:

-SNPk 20 parlamentario irabazi ditu, baina beste taldeek ez dute hainbeste galdu. Ematen du gainera, boto guztiak ez direla independentziaren aldekoak izan, baizik eta laboristen aurkakoak.

-Alderdi txikiak izan dira kaltetuenak, SSP eta Solidarity-ren artean egondako tirabirengatik neurri handi batean.

Bestalde, arazo «tekniko» dezente ere egon da:

Legebiltzarkideak lortzeko eredua aldatu egin da, baita banaketa geografikoa ere. (lehen first past the post eredua zen eta orain proportional representation da).

Botoak zenbatzeko ordenagailu sistema bat erabili zuten eta gauean arazo nahiko izan ziren; ondorioz, ostiral arratsaldea arte ez ziren emaitza osoak eman.

Egun berean bi hauteskunde zeuden: Legebiltzarrerakoa eta udaletarakoa. Biak bozkatzeko modelo ezberdina eta boto-paper banarekin.

Posta bidezko boto nahiko desagertu ziren.

Ondorioz, 140.000 paper inguru atzera bota zituzten gaizki beteta zeudelako. Orain inkesta bat abian dago hau dena argitzeko, baina ez du ematen gauzak larregi aldatuko direnik.

Kanpaina honetan Laboristek Ingalaterratik laguntza handia jaso zuten, gehienbat independentziaren aurka egiteko. 2 edo 3 alditan egon ziren Eskozian bai Tony Blair (Britainia Handiko lehen ministroa) bai Gordon Brown (laboristen lehen ministrogaia). Laboristen kanpaina gehiena independetzia lortuz gero, Eskozian egongo litzatekeen pobrezia eta arazoak aipatzean oinarritu zen, jendearen artean beldurra sortzeko. Era berean, kirolari, artista eta enpresari nahiko erabili zituzten kanpainan.

SNP-k ere bere kirolari, artista eta enpresarien laguntza izan zuen, baina maila txikiagoan. Kanpaina hasiera independentziaren alde egin zuten gehienbat, baina gauzak aldatu egin ziren apur bat kanpaina erditik aurrera eta gizarte-arazoak eta ekonomia izan ziren nagusi bigarren zatian.

SNPk 2.010eko Independentziaren aldeko erreferendumaz bi aukera (alde edo aurka) egongo zirela esan zuen hasieran, baina gero hilru egon daitezkeela: independentzia, oraingo egoera eta legebiltzarra eskumen gehiagorekin (federalismoa).

Azken aukera hori Liberalek nahi dutena da. Agian kanpainak aurrera egin ahala, SNP eta politikari gehienak konturatu ziren Eskoziako Legebiltzarrean alderdi batek gehiengoa lortzeko liberalek izango zuten garrantziaz.

Hauteskundeetatik 2 astetara lehendakaria hautatu behar zuten eta Alex Salmondek (SNP) irabazi zuen 49 botorekin (SNPko 47 eta berde 2). Hauteskundeen ondoren liberalekin hitz egiten saiatu zen, baina horiek independentziaren aurka daude eta ez zuten SNPrekin akordiorik nahi izan. Beraz, nahiz eta gobernuan egon, SNPk zaila izango du Eskozian gobernatzea, ez baitu arlo guztietan gehiengoa. Orain ere bere legebiltzarkide bat haurdun dago eta 6 hilabetetan ez da legebiltzarrean egongo, boto garrantzitsu bat galduz.

Eskozian eta Ingalaterran askotan egiten dira inkestak independetziaren aldeko kopuruak aztertzeko.

-2006ko Irailaren 10ean, «Sunday Times Scotland» egunkariak egindako inkesta: %44 independentziaren alde, %42 aurka, %64 legebiltzarrerako eskumen gehi-agoren alde.

-2006ko Azaroaren 1ean, «Scotsman» egunkariaren inkesta: %51 alde, %37 aurka.

-2007ko Apirilaren 20an Times egunkariak egindako inkesta: %22 alde, %56 legebiltzarrerako eskumen gehiago.

Azken inkesta horretan, SNPri botoa ematen diotenen artean, %45 independientziaren alde daude, baina %47 legebiltzarrerako eskumen gehiagoren alde. Horrek hauteskundeetako emaitzen irakurketa batekin batera dator: SNPren aldeko boto igoera ez dela independentziaren aldekoa, baizik eta laboristen aurkakoa, goian aipatu bezala.

Ez dago batere argi Eskoziaren etorkizuna. Laboristak, Kontserbadoreak eta Liberalak SNPren aurka daude eta Legebiltzarreko arlo batzuetako bozketetan SNPren aurka joateko euren artean elkartzeko aukera dago. Oraindik aste batzuk itxaron beharko da gobernu hau nola moldatzen den ikusteko.

Euskal Herriarekiko harremanei dagokienez, SNP barruan hainbat joera daude, batetik bertako enpresarien aldeko alderdia da. Argigarria da, alde horretatik, SNPkoekin biltzeko Iosu Ion Imazek azkar batean Iberdrolako nagusiekin Eskoziara egin zuen bidaia, «euskal» enpresak bertako Scottish Power erostean. Imazek argitu zien Iberdrola Euskal Herrikoa dela eta, hemengo idiosinkrasia (eta egoitza soziala) errespetatzen duen bezala, berdin egingo duela Eskozian.

Bestalde, maila soziala ere lantzen du eta itxura aurrerakoia erakutsi. Begoña Erraztik Hego Euskal Herriko azken hauteskundeotan aipatu du SNPren bidea eta EArena bat datozela arlo nazionalean eta sozialean.

Azkenik, SNP barruan ezkertiarrak ere badaude, ez daude gehiengoan, ezta Salmond-en Gobernuan ere, eta nahiko eztabaida bada ezkertiarren eta Salmond-en aldekoen artean.

Ikusi beharko Gobernutik zelan jokatzen duten arlo sozial eta nazionalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo