ESAIT IX. Euskal Selekzioaren Eguna
Euskal selekzioen alde jaia izango da Leitzan igandean
«Ekin eta ekin, elkarrekin aurrera egin!» izango da aldarrikapen honen bederatzigarren ekitaldiaren leloa
GARA | DONOSTIA
Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian prentsaurrekoa eman zuen atzo goizean Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak igande honetan, ekainaren 10ean, Leitzan ospatuko den «IX. Euskal Selekzioaren Eguna» aurkezteko.
Aurtengo hau, ESAITek jarraian antolatzen duen bederatzigarren edizioa izango da, Nafarroan izango den bigarrena. Aurrenekoa, 1999ko urtean, Oiartzunen izan zen, bigarrena Bilbon, hirugarrena Tolosan, laugarrena Arbizun, bosgarrena Senperen, seigarrena Agurainen, zazpigarrena Algortan eta iazkoa, Zarautzen.
Bertan izan ziren hiru kideek, Mikel Urkiolak, iritzi taldeko presidente Itziar Arratibelek eta ESAITen Leitzako kolaboratzaile Igor Aldaiak egun berezi horretarako manifestua irakurri zuten eta igandeko ekitaldia ospatzeko arrazoiak argudiatu zituzten.
«Orain arteko euskal selekzioaren egunak izan diren bezala aurtengo hau ere, egun osoko jaia eta aldarrikapen eguna izateko asmoarekin antolatu dugu. Jaia bai, baita aldarrikapena ere. Hain zuzen, herri honek bere selekzio ofizialak lortu arte, inoiz baino zentzu gehiago duelako ofizialtasuna aldarrikatzen jarraitzeak, helburu horiekin jaio baitzen ESAIT orain dela hamaika urte».
«Hamaika urte hauetan denetarik egin dugu euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko helburuarekin: mahai inguruak antolatu, hitzaldiak eta prentsaurrekoak eman, hainbat ekimen prestatu... Hala ere ez da nahikoa izan, oraindik herri honek ofizialki ez duelako nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko aukerarik eta oraindik, herri honek ezin duelako lurralde zatiketaren gainetik, federazio nazionalik sortzea lortu. Horiek dira ESAITek dituen helburu nagusiak», adierazi zuten.
Leloa eta egitaraua
Leitzan ospatuko den euskal selekzioaren egunerako aukeraturiko leloa, berriz, «Ekin eta ekin, elkarrekin aurrera egin!» izango da, eta hala, jaiari aldarrikapen kutsua itsatsi nahi zaio.
«Jaialdia igande goizeko 10.30etik aurrera hasiko da», esan zuen Itziar Arratibelek. «Egun osoan banatutako ekitaldiak izango dira kirola eta parte-hartzea sustatzeko Leitzara hurbilduko diren guztien artean».
«Lehenengo eta behin ikurrinaren igoera gauzatuko da eta agurra izango da gero Udalaren aldetik. ESAITeko kideek beren aldarrikapena egingo dute ostean eta handik aurrera, arratsaldeko 20.00ak ingurura arte hainbat kirol ekintza praktikatzeko zein ikusteko parada izango da», adierazi zuen.
Ohiko moduan, kirol eskaintza zabala izango da, eta betiere aurreko ekitaldiekiko barietatea bilatuko da. Hala, besteren artean, pilota eskuz eta palaz, xakea, herri kirolak eta haurrentzat gunea puzgarriekin izango dira animatzen den jendeak parte hartu eta gozatu dezan.
Txakur erakustaldia
Bestalde, aurtengo ekitaldian nobedade nagusi bat izango da: kirolen alorrean ibili ohi diren arraza ezberdinetako txakurren erakustaldia izango da.
Amaitzeko, aldiz, iganderako Leitzatik agertzeko gonbidapena egin zuten ESAITeko kideeek.
«Zalantzarik gabe erronka potoloa da bai, baina badakigu ere merezi duen erronka dela. Beraz, orain arte egin dugun bezala, hemendik aurrera ere lanean jarraitzeko asmoa dugu. Hori baita zalantzarik gabe, aipatu helburuak lortzeko egin dezakegun apusturik onena».
«Ekin eta ekin, elkarrekin aurrera egin. Eta filosofia horrekin aritu gara eta aurrerantzean arituko gara. Beraz, etsipena alde batera utzi eta lanean jarraitzeko garaia da. Heldu diezaiogun erronkari, egin dezagun ofizialtasuna lortzeko eta Euskal Herriko federazio nazionalak sortzeko», amaitu zuten.
Igande honetan bederatzigarren «Euskal Selekzioaren Eguna» ospatuko da, 1999az geroztik urtero egin ohi den moduan. Aurten, gainera, bigarrenez iritsiko da Nafarroara, Leitzan izango baitu hitzordua.
Hasiera 10.30ean izango da eta ondoren xakea, euskal kirolak eta pilota partiduak izango dira. Herri bazkariaren ondotik, txakurren erakustaldia, batukada eta trikitia izango dira eta egun guztian haurrentzako puzgarriak.