GARA > Idatzia > Musika

Guk nekez ikusi arren, dotore jotzen du jazzaren kukuak

Aurkitzen zaila bada ere, uztailetik kanpo bada jazz uzta jasotzerik gurean. Beti ere esparru txikian eta oihartzun handirik gabe, hor dira Errabal jazz disko etxea edo, besteak beste, Musikenen trebatutako musikarien zuzenekoak eskaintzen dituen La Bilbaina, Altxerri edo antzeko aretoak. Ez da erraza kukua ikustea, baina jo, jotzen du.

Anartz BILBAO

Lee Konitz Getxon, Ornette Coleman Gasteizen, Wayne Shorter Donostian edo Kenny Garret Baionan, jazzak jantziko du uztaila Euskal Herrian. Alta, ez da erraza bertako taldeak gure agertokietan musika estilo hau jotzen ikustea ikasturtean zehar. Izarrez aparte zer gozatua badugun aztertu nahi izan dugu, udako jazz-zaleek negua lozorroan pasatzen ote duten ikusteko. Horrela, hiru esparruri erreparatu diegu gure herriko egoera ezagutu nahian. Aretoena da bata, musikariena eta musika heziketarena da bestea eta argitaratzearena edo disko etxeena bestea.

Besteren bat ere izan arren, badira bi areto urte osoko egitaraua eskaini nahian dabiltzanak eta lagin gisa aurkeztu nahi ditugunak. La Bilbaina dugu bata, gero eta zuzeneko emanaldi gehiago dituen Bizkaiko metropoliko egungo jazz areto bakarra. Lanpetuta eta presaka aurkitu ditugu bertako arduradunak, baina fin helarazi digute bertako antolakuntzaren berri. Nafarroa kaleko eraikin dotorearen sotoan du egoitza 1991n Pio Lindegaard danimarkarraren kemenaz jaiotako elkarteak, eta Gorka Reinoren esanetan, desagertzea du xede nagusi, horrek zuzeneko jazza egonkortuta dagoela esan nahiko bailuke. Egun ehun bat bazkide dira bertan, eta ostegunero eskaintzen dute emanaldia, 22.00etan.

Ezaguna dugu Altxerri aretoa ere. Donostiako Boulevarra Paseo Berriraino luzatzen duen Reina Regente kalean kokatua, lurrazpiko areto beroa 1984ko abenduan zabaldu zuten eta hasiera-hasieratik antolatu izan ditu jazz emanaldiak. Lehen ostegunetan zirenak, astearte, asteazken edo ostegunetan dira egun (asteartea dute blues jam sessionen txanda). Nazioarteko artistek ere tartea baduten arren, ohikoa da bertan Iñaki Salvador edo Gonzalo Tejada etxeko musikariak aurkitzea, jazz eskolako musikari gazteek lagunduta, eta, aretoko arduradunen esanetan, inolako laguntzarik gabe kontzertuak antolatzen jarraitzea dute erronka nagusia.

Musikene

Kanpotik ikusita, badirudi erreparo handia dagoela jazza agertokietara eramateko. Alta, dudarik gabe badira goi mailako musikariak gurean. Nabarmentzekoa dugu esparru horretan Musikenek azken urteotan egindako lana. Patri Goialde dugu bertako jazz arloaren zuzendari eta irakasleetako bat, eta berarekin solastu gara eskola hobeto ezagutu nahian. EAEko goi mailako kontserbatorioa dugu Musikene, hezkuntza arautua emateko sortua bai musika klasikoaren bai jazzaren arloetan. Azken atal honetan bosgarren ikasturtea dute honakoa eta 65 ikasle inguru dabiltza lanean, bederatzi espezialitatetan banatuak: bateria, baxua, kontrabaxua, gitarra, pianoa, saxofoia, tronboia, tronpeta eta ahotsa. Ikasleen %45 inguru da euskal herritarra, eta bertako irakasleez gainera Bartzelona edo Madrilgoak ere badaude. Bertako irakasleen artean, Iñaki Salvador, Gonzalo Tejada, Sorkunde Idigoras eta Patri Goialde daude, donostiarrak laurak, bertan baitago Musikene.

Ikasketez aparte, disko etxe berri bat ere sortu du eskolak, orain arte klasikoko bi lan baino plazaratu ez dituena, etorkizunerako jazza jorratzeko asmoa ere baduen arren. Zuzenekoei dagokienez, bertako ikasleek sortutako taldeek jotzeko aukera izan dezaten zuzeneko batzuk antolatzen dituzte eta eskolak berak hogei musikariz osatutako Big Banda ere badu.

Talde horietako askok izan du bere aukera Donostiako Jazzaldiak antolatutako tokiko taldeen hautaketan. Urtarrilaren 26an hasi eta maiatzaren 10ean bukatu arte hamabost talde aritu dira FNACeko Forumean, Altxerrin, Brankan eta Victoria Eugenia antzokiko klubean, tartean Musikeneko ikasleen partaidetza duten El Eje, Groove Box edo The Heckler. Azken laukote horrek Errabal disko etxean plazaratuko du aurki bere diskoa.

Errabal

Bukatzeko, Errabal disko etxe berria aipatu behar dugu. Gaztelupeko Hotsak disko etxearen azpisail gisa 2004an sortua, Euskal Herrian jazza lantzen bakarrenetarikoa dugu. Disko etxeen erronken berri eman diezagun, bertako Xarra-ri hots egin diogu Soraluzera.

Gazteluperen azpiegitura baliatuz duela bi urte sortutako disko etxeak hamabost lan argitaratu ditu jada, salmentarako garairik onenak ez diren arren, eta datorren urterako independentziarantz jo beharko luke, arduradunen esanetan. Azken bi urteetan egin den Debajazz jaialdiaren arduradunak dira eta, etxekoak ez ezik, kanpoko bandak plazaratzeko aukera ere izan dute.

Argitalpenak, honakoak: Miren Aranbururen «Gorri Isila» eta «Lorategi Hibridoa», Sant Pau 44ren estreinakoa, Jon Urrutiaren «Home Made/Etxean Egina», Asstrioren «As Soon as Possible», Victor de Diego Groupen «Oraindik Ametsetan», Teresa Zabalza 5eten «Euria», Sumrraren «2», Jeronimo Martin Trioren «Piedraescrita», Iñaki Salvador Nonetoaren «Faro», Terela Gradin 5eten «Lost» eta Dinbi Danbaren «Cruce de Cables». Baita Debajazz lehiaketako irabazle izan zen Zafari Projecten izen bereko debuta, Magnus Melh Quintetten «Getxo Jazz» eta plazaratu berri duten Josetxo Goia-Aribe nafarraren «Los pendientes de la reina (Emakume Baten Oroimena)». Aurki, ekainean, Juan Pablo Balcazar kontrabaxu-jotzaile kolonbiarraren laukote The Hecklerren «Zalamea» plazaratuko dute, eta etorkizunean, Four Brothers & A Ghost, Vila- 5 (Debajazzeko irabazle katalanak), Mikel Galeturrutia Trio, 3000 Hombres...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo