Buddy Guyk estrenatuko du Erromoko plaza zaharberritua, Getxo Blues jaialdian
A.B. | BILBO
Hemen da aurtengo Getxo blues jaialdia, besteak beste Rolling Stones edo Led Zeppelin taldeentzat ikur izandako Buddy Guy legenda ekarriko diguna. Lau urtetan Portu Zaharrean kokatu ondoren, jatorrira bueltatuko da aurten doako jaialdia, Erromoko Sta. Eugenia plazara.
Ohi legez etxekoak arituko dira bihar, 21.30ean. 1999an sortua, Portugaleteko Hash boskoteak sustrai beltzeko musika eskainiko du, Sherman Robertson gitarra joleari eta berarekin batera arituko den Blues Move talde britaniar handiari txanda emateko. Zydeco eta swamp blues deituriko moldeetan aritzen da Louisianako artista, Paul Simonekin jotakoa.
Larunbatean, 21.30ean, izar disdiratsuena. Buddy Guy ere louisianarra dugu, 1936an jaioa. Chicagon Muddy Wates eta Howlin'Wolfen eraginpean musikan trebatu eta legenda handiekin jo zuen. Egun «Chicago blues» deiturikoaren maisuetako bat dugu.
Jaialdia Zora Youngek itxiko du igandean, 20.00etan. Gospelarekin hasi zen eta bluesa jorratzen du egun. Hogeita hamar urteko ibilbidea du eta B.B. Kingekin ere abestutakoa dugu.