Fadoarekin bihotzeko ateak ireki nahian datorkigu Dulce Pontes
A. B. | BILBO
Aurten plazaratutako «El corazón tiene tres puertas» (Resistencia) zuzeneko bikoitza du aurkezgai Dulce Pontesek. 1969an Montijon jaioa, ekimen handiko emakumea dugu portugaldarra. Nerabe zela, dantza garaikide ikasketak egin eta Os Percapita izeneko rock taldean aritu zen, gero bakarlari gisa Eurovisionen «Lusitana Paixao» kantarekin lehiatzeko. Bere lehenengo lana 1992ko «Lusitana» dugu.
Amalia Rodriguez izarraren oinordekotzat hartua, portugesa ezezik afrikarra, arabiarra eta bereber musika ere iturri ditu «Sostiene Pereira» filmerako Ennio Morriconek sortutako soinu bandan «Brisa do Coraçao» abestu zuen neskatoak. Izen bera eman zion 1995ean plazaratu zuen diskoari, eta «Caminhos» (1996) eta «O Primeiro Canto» (1999) plazaratu zituen gero.
Bikotean, besteak beste, Andrea Bocelli, Caetano Veloso, Marisa Monte edo The Chieftainsekin kantatutakoa dugu; bere lanetan Kepa Junkera edo Wayne Shorter bezalako musikariek parte hartu izan dute eta Fernando Pessoaren olerkiak ere musikatu izan ditu.
Datorren astelehenean, ekainak 11, 20.00etan Donostiako Kursaalean izango da. Sarrerak, 20/38 euro bitartean.