GARA > Idatzia > Musika

Su Ta Gar, metala urtu arte jo ta ke darraite aizkolariek

Zazpiehun zuzenekotik gora emanak ditu jada Su Ta Gar taldeak. Aitor Gorosabelek, Asier Osorok, Xabi Bastidak eta Borxa Arrillagak -egun anaia Galderrek ordezkatu duena- duela hogei urte Eibarren sortutako laukoteak indartsu darrai. Bihar Atarrabian, Totem aretoan.

Anartz BILBAO | BILBO

Lehenengo zuzenekoa 1988ko abuztuan eman bazuten ere, badira hogei urte Su Ta Gar abian jarri zela. Euskal musika ulertzeko ezinbesteko banda, 700 zuzeneko eta dozena bat argitalpen ditu plazaratuak dagoeneko (zortzi estudioko lan, zuzeneko bikoitza, bideo, DVD...). Iaz, pauso bat aurrera eman nahian, Jo Ta Ke disko etxea sortu zuen taldeak. Lagunartean jaioa, laster lortu zuen oihartzuna taldeak heavy metala euskaraz jorratuz. 1999an Gaztelupek CD batean bildu zuen maketekin hasi zuten ibilbidea, eta tartean Mikel Laboaren «Haika Mutil» grabatu, «Txerokee» bildumarako. 1990ean Villa de Bilbao irabazi zuten Estigiarekin batera.

«Jaiotze Basatia» izan zuen taldeak, gero «Hortzak estuturik» jarraitzeko. Ondoren, egun berrargitaratu duten «Su Ta Gar Zuzenean», «More Volumen Tour» ederra grabatu zuten, taldea bete-betean erakusten duena. 1995ean heldu zen zoritxarra, Borxak istripua izatean. Anaiak eman zion segida danborretan hark egindako lanari (tartean baita Iban Zugarramurdik ere). Formazio berriak «Sentimenak Jarraituz» plazaratu zuen, eta «Agur Jauna Gizon Txuriari» gero, Kuban ere aurkeztu zuena. «Gaur olerkiak, bihar presoak Euskal Herrirat» lanean «Eromena» kantua eman zuten, Carmen Gisasola presoak idatzia. Esan Ozenkitik Gor disko etxera salto egin eta nafarrekin plazaratu zuten «Homo Sapiens?». Bira hori bideoan ere agertu zuten Iholdiko kontzertua grabatu ostean.

Judas Priesten omenez Zero Recordsek argitaratutako «Metal Gods» lanean «Sentinel» kantua egin zuten, eta 2001ean, «Gaztetxeak Martxan» bilduman, berriz, «Gaztea» kantua. Urte horretan agertu zen «Su Ta Gar Jo Ta Ke» zuzenekoa ere. «Itsasoz Beteriko Mugetan» eta «Jainko Hilen Uhartean» dira atsedenik gabeko eibartar taldearen azken lanak.

BERRARGITALPENA

«More Volumen Tour 93» izeneko bideoa plazaratu zuen laukoteak 1993an, Europako bira bukatzean. Eibarko kontzertu erraldoia berrargitaratu du orain DVD formatuan Jo Ta Ke disko etxe berriak.

Fitxa

Data: Bihar, No Relax taldearekin batera.

Lekua: Totem aretoa (Atarrabia).

Ordua: 23.00etan.

Sarrera: 10/12 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo