GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako bidezko merkatua hiri erdialdean izanen da uztailetik goiti, garatzeko asmoarekin

Idoia ERASO | BAIONA

2005eko martxoan sortu zen Baionako bidezko merkatuak beste pauso bat emanen du hiri erdigunean ezarrita. Uztailaren 14tik goiti Baionako merkatuaren ondoan ezarriko dute merkatua, beraz, larunbat honetakoa izanen du azkena San Engrazi auzoko Errepublika plazan.

Leku aldatze horrek merkatuaren garapena ekarriko duela espero dute antolatzaileek. Orain arte, batez beste, 15 saltzaile postu egon izan dira merkatuan, baina erosleak ibiltzen diren tokitik hurbilago dagoen merkatu aldean ezarriko direla jakinik saltzaile gehiago izanen direla uste dute elkarteko kideek.

Martxotik goiti aritu izan dira merkatuaren antolatzaileak Herriko Etxeko arduradunekin. Bidezko merkatua erdialdera mugitzeaz gain, beste baliabide informatiboak ere lortu dituzte udalaren aldetik. Beste merkatuentzat bezala publizitatea egitera engaiatu da Herriko Etxea. Aldi berean, bidezko merkataritzaren inguruan urtean behin ekimen bat sortzeko prest ere agertu da udala.

«Denda handietako merkatuaren ordez, alternatiba bat eskaini nahi dugu» adierazi zuen merkatua antolatzen duen elkarteko Xantal Torrek. Izan ere, tokia aldatu da, baina oinarrizko xedeak ez dira aldatu. Ordutegia, orain arte bezala, arratsaldeko hiruretatik zortzietara izaten jarraituko du ere bai, eta beti bezala hainbat produktu izanen dira.

Informazioa zabaldu

Bidezko merkataritzaren eta produktu biologikoen gaineko informazioa zabaldu nahi du elkarteak ere bai, horrexegatik hilabetero animazio bat egiten saiatuko dira. Larunbatean Euskal Herriko transgenikoen kontrako kolektiboko kideak izanen dira merkatuan hitzaldia eskaintzen. «Merkatura hurbiltzean aurkikuntzako erosketak eta gogoetarako erosketak egin daitezkeela uste dugu» esan zuen Xantal Torrek aipatutako elkarteko kideak.

Urtebeteko ibilbidea behar izan du merkatuak toki aldatzearekin batera aurrerapauso bat emateko, beharbada hurrengo pausua «maiztasunaren aldaketan» egon daitekeela adierazi zuen merkatuko antolakuntzan lan egiten duen Hartzea Lopez Aranak. Delako merkatuaren eguna aldatzeko zenbait proposamen izan dituztela nabarmendu zuen antolakuntzako Lopez Aranak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo