GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

eta-ren ekintza armatuen etenaldiaren amaiera

Alerta egoera piztu da bai Euskal Herrian baita gure mugetatik at ere

ETAren iragarpenaren ostean eta asteartetik asteazkenerako gauerditik aurrera «fronte guztiak irekita» dituela jakitun, batzuk eta besteak hasi dira mugimenduak egiten eta neurriak hartzen gerta daitezkeen ekintza armatuei aurre egiteko helburuarekin.

GARA | DONOSTIA

Alerta egoera piztu du Euskadi Ta Askatasunaren erabakiak. Batzuk, 2006ko martxoaren 22az geroztik albo batera utzi zituzten bizkartzainak eskatu dituzte berriro; eta besteak, segurtasun neurriak zorrozten hasi dira.

Esaterako, erakunde armatuak ekintzen etenaldia iragarri ondoren bizkartzainak edukitzeari uko egin zieten eta Euskal Herrian lan egiten duten epaileek berriz ere babesa eskatuko dutela adierazi zioten Europa Press agentziari iturri judizialek. Horien esanetan, su-etena bertan behera geratu izanak «ezinegona eta atsekabea» eragin du epaileengan, azken urteetan nolabaiteko «lasaitasuna» egon baita. «Kolpe handia izan da», gaineratu zuten.

Iturriok azaldu zuten Lakuako Barne Sailak babes bikoitza eskaini diela ETAren jomugan egon daitezkeen eta orain arte bizkartzain bakarra zeramaten herritarrei. Horien artean ei daude Botere Judizialeko hainbat ordezkari, «joan den martxoaren bukaeran Gipuzkoan eta Nafarroan desartikulatutako `Donosti komandoa'ri atzemandako agirietan agerturikoak».

Azken hamalau hilabete eta erdi hauetan, eskolta mantendu zaie «mehatxupean dauden kolektiboei; tartean, 300 bat kidez osatutako kolektibo judizialari. Pertsonalki horrela eskatu zutenei bakarrik kendu zitzaien babesa», zehaztu zuten iturri horiek. Joan den urteko udan, gai- nera, Euskal Herrian lan egiten duten eta oporretara joandako epaile eta fiskalak Segurtasun Indarren zaintzapean egon zirela gehitu zuten.

Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko eledun Enrique Lopez bera mintzatu zen atzo egoera berriaren gainean. Epaile guztiak arduratuta egotea «normala» dela esan zuen «terroristen helburu direlako», baina batik bat Auzitegi Goren espainoleko 61. Aretoari -HB, EH eta Batasuna legez kanpo utzi zituena, baita ezker abertzaleko hauteskundeetarako hautagaitzak ere- egin zion erreferentzia. Hala ere, konfiantza osoa agertu zuen Barne Ministerioan, berriro bizkartzainak eskatu dituztenei behar bezalako neurriak jarriko dizkielakoan.

Epaileak beti «ETAren jomugan» egon direla esan ondotik, oraingo egoerak ez duela zertan arazorik ekarri behar esan zuen «legea aplikatzeko egitekoa betetzerakoan».

Valentzian eta Zaragozan, erne

Ez Euskal Herrian bakarrik, gure mugetatik kanpo ere erne daude. Horren adibiderik argienetakoa atzo goizean Valentziako portu inguruan gertatutakoa izan zen. Auto ilara luzeak sortu ziren Polizia espainolak «ohiko kontrolak zorroztu» dituelako eremu horretan, Amerika Kopa proba azken txanpan sartu denean. Poliziakideek kaialdera sartu nahi zuten auto, furgoneta, kamioi eta motor guztiak gelditu zituzten, ibilgailuak miatzeko. Motorzaleei, gainera, soinean zeramatzen motxilak ere begiratu zizkieten.

Amerika Koparako hartu dituzten segurtasun neurriak Valentziako Komunitatean indarrean jarritako inoizko handie- nak dira: besteren artean, han dira 2.000 poliziakide eta guardia zibiletik gora, bost helikoptero eta 24 itsasontzi, tartean Armadako hiru fragata.

Valentziako Generalitateak berak eskaria egin zion atzo Gobernu espainolari komunitate horretan «zaintza berezia» egin dezan, «terroristek, historikoki, obsesioa izan baitute» horrekin. Uneon Amerika Kopa jokatzen aritzea eta Valentzia «toki turistiko ezaguna» izatea baliatu zituen eskaeraren oinarritzat.

Expo Zaragoza 2008ko arduradun nagusi Roque Gistauk ere hitz egin zuen auziaz, eta erakustazokan beharrezko segurtasun neurri guztiak hartu dituztela nabarmendu zuen. «Leku segurua izango da», esan zuen.

Baina, ziurrenik, deigarriena izan zen jakitea larunbatean jokatuko duten Zaragoza-Real Madril futbol partidarako «neurri antiterroristak» eskatu dituztela merengeek ETAren iragarpena eta gero. «Marca» kirol egunkariak lehenengo orri ia osoa eskaini zion atzo eskari horri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo