GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Gatazka konpontzeko, soluzio politikoak galdegin dizkio Etxerat-ek PSOEri

PSOEk euskal preso politikoak «heriotzara» bultzatzen dituela eta gatazka politikoari irtenbide politikorik aurkitu nahi ez diola salatzeko elkarretaratu zen Etxerat alderdi horren egoitza aurrean.

Oihana LLORENTE | DONOSTIA
 

Euskal preso eta iheslari politikoen dozenaka senide PSOEk Donostian duen egoitzaren aurrean elkarretaratu ziren atzo. Bertan, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa eskubide guztien jabe herriratzea, eta larriki dauden gaixoak eta ezarritako zigorra bete duten presoen askatasuna galdegin zuten. Era berean, gogor kritikatu zuten Jose Luis Rodriguez Zapatero buru duen alderdiak «gatazka politikoari soluzio politikorik aurkitu nahi ez izatea».

Mattin Troitiño, Jon, Txomin eta Antxon Troitiño presoen senidea, eta Javi Zubimendi, Araitz Zubimendi preso politikoaren aita izan ziren eledun lanetan ibilitakoak eta haien senide presoen aurka darabilten «indarkeria etengabea» gogor gaitzetsi zuten.

Etxerat-en aburuz, PSOEren asmoa preso eta senideak «heriotzara bultzatzea» da eta horren seinale, presoei biziarazten dizkieten isolamendu egoerak eta gaixo dauden edota euren kondena osoki bete duten presoak ez askatzea aipatu zituzten. Politika honek presoak «zainak moztera edota ondorio fisiko eta psikiko larriak jasatera» bulzatzen dituela erantsi zuten.

Espetxe politikan sakondu

Halaber, presoen senideei astero munduari 20 buelta emateko adina kilometro eginarazten dizkietela salatu zuen Troitiñok, «horrek dakarren odoluste ekonomikoarekin» gehitu zuen. Hori guztia gutxi balitz, Zapateroren alderdia espetxe politika «kriminal» honetan sakontzen ari dela deritzote.

Bestalde, alderdi espainolak, euskal herritarrak «espetxera, erbestera edo heriotzara daramatzaten arrazoiak» ukatzen dituela, eta gatazka politikoari soluziobide politikoa ematea errefusatzen duela salatu zuen Zubimendik; hortaz, «gatazka, atxiloketa, tortura, espetxea, heriotza edota samina» da herri honi egiten zaion eskaintza bakarra, Etxerat elkartearen ustez. Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoak konponbidea behar duela dio Etxerat-ek eta bide horretan, euskal presoen herriratzea, gaixorik diren edota haien zigorra beteta duten presoak askatzea eta gatazka politikoari soluzio politikoak aurkitzea galdegin zioten, bai PSOEri, bai eta Nicolas Sarkozy buru duen Gobernu frantsesari ere.

Etxeraten aburuz, alta, hauek ez dira zio honetan ardura duten eragile bakarrak eta hortaz, alderdi politiko guztiei euskal preso politikoen aferarekin arduratsu jokatzeko deia egin zieten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo