Unescok euskara gizadiaren ondare izenda dezan sinadurak biltzen ari dira
Agiñalde kultur elkarteak, Euskararen Jatorriari buruzko Bigarren Bilkuran izan ziren zientzialarien eskaera bete, eta sinadura bilketa abiatu zuen atzo Unescok euskara gizadiaren ondare izenda dezan, babesa eta laguntza eman diezaion «gizadi osoaren altxorrari».
Maider IANTZI |
www.euskararenjatorria.eu webgunea aspalditik euskararen jatorriaz kezkatua dagoen talde batek jarri du abian, ikertzaileek teoria eta azalpenen berri emateko txoko bat izan dezaten. Ez hori bakarrik, Unescori hizkuntza hori gizadi osoaren onda- suna dela onartzeko eskaera irakurri eta sinatu daiteke interneteko helbide horretan.
Agiñalde kultur elkarteko ordezkari Koldo Urrutiak sinadura biltzeko kanpaina Durangoko liburu eta disko azoka arte eginen dutela jakinarazi zien atzo komunikabideei, eta atxikimendua ematera animatu zituen herritarrak: «denoi eragiten digun gaia baita, modu batean edo bestean euskara estimatzen dugun guztioi». Euskararen Jatorriari buruzko Bigarren Batzarrean sortu zen atxikimenduak bildu eta Unescora jotzeko ideia. Bileran parte hartu zuten zientzialari atzerritarrak izan ziren, hain zuzen ere, eskaera egin zutenak.
«Euskaldunak Europako biztanlerik autoktonoenak dira. Cromagnonen ondorengo zuzenak dira eta, hortaz, Europako lehenbiziko biztanle modernoak». Ondorio horretara iritsi dira, gizateriaren zuhaitz genealogikoa egituratzeko saiakeran, DNA analisietatik abiatuta hamarkada honetan azterketa genetikoak egin dituzten ikertzaileak. Gainera, Agiñalderen aburuz, Paleolito garaiko aztarnategi gehienak euskal lurraldean egoteak fidagarritasun handiagoa ematen die datu horiei.
1995. urtean, «National Geographic» aldizkariak euskaldunak lehenbiziko familia europarra zirela baieztatu zuen, eta 2002an, «Scientific American»-ek zientzialari europarren ikerketa filologiko eta genetikoak lau haizetara zabaldu zituen. «Horrek guztiak 1984tik indarrean dauden tesiak baieztatzea ekarri zuen: europar guztiak kantauriarrekin lotuta daude. Oraindik eta gertuago, 2006ko irailean, Oxford Unibertsitateko zientzialariek britainiar irletako jendeak jatorria Kantauriko kostaldean duela adierazi zuten».
Ama hizkuntza, hilzorian
Baieztapen horien garrantziaz jabeturik, Nazio Batuen Erakundera jotzea erabaki du Agiñalde kultur elkarteak, Unescoren bitartez gai horiei eutsi eta aurrerapausoak emateko. Izan ere, «onartezina da euskara zaintzeko eta ikertzeko ezer ez egitea, gizateriaren kultur ondare preziatuena dela gauza jakina denean. Euskararen eta mundu osoan hitz egiten diren hizkuntzen arteko loturatik eta ikerketetatik aurkikuntzak eratorriko dira; hori gizateriarentzat aberasgarria izango da», esan zuen.
Agiñaldek zentzugabea deritzo latina eta grekoa ikasten jarraitzeari, «benetako ama hizkuntza desagertzeko zorian» dagoen honetan. «Ba al du zentzurik hilik dauden latina eta grekoa mantentzeak bi horiek eratorritako hizkuntza, euskara, bizirik eta bizitasun osoz mantentzen bada?», galdegiten du Villabonako kultur elkarteak.
Tamalgarria iruditzen zaio, bertzalde, «arrazoi politikoak» eta «ezjakintasuna» direla-eta euskara gizateriaren ondare izendatzeari uko egitea, eta manifestua zabaltzeko deia egiten die herritarrei. Idatziarekin bat egin nahi duenak inprimatu, sinatu eta honako helbidera bidaltzea aski du: Agiñalde kultur elkartea, 41 posta kutxa, 20150 Villabona (Gipuzkoa).
`euskararenjatorria.eu' webgunean bildutako lagunak duela urtebete baino gehiago Iruña-Okan aurkitu zituzten euskarazko inskripzioei buruz aritu ziren atzo. Tokiko hizkuntzalarien esku gelditu zirela ekarri zuten gogora.
Nazioarteko ikerketa talde baten beharra aipatu zuten, baita euskarazko inskripzioen material guztiaren ondorioak eta testuingurua lehenbailehen publiko egitea ezinbertzekoa dela adierazi ere.
UNESCOk euskara gizadi osoaren ondasuna dela onar dezan hasi berri duten kanpaina zabalago azaltzeko, hitzaldia izanen da gaur arratsaldeko zazpietan Billabonan, Gurea zine aretoan.
Jorge Ribero Meneses Valladolideko filologoa eta historialaria orain dela 25 urtetik ari da gizaki arrazional zaharrenak Kantauri itsasoaren ondoan bizi zirela erraten, oraingo Euskal Herrian eta Kantabrian, baita euskara hizkuntza primitiboena dela baieztatzen ere. «Duela 25 urte teoriak ziren horiek, baina orain erabat frogatutako gertaerak dira», adierazi zuen atzo Agiñalde elkarteko kideekin batera eman zuen prentsaurrekoan. «El verdadero origen de los baskos: la primera humanidad» liburua aurkeztu zuen bertan.
39 urterekin «bizitza osoa alde batera» utzi zuen Jorge Riberok teoria horiek frogatzeko, eta filologia, toponimia, arkeologia eta genetika azterketak egin zituen. Gau eta egun aritu zen horretan, ahal zuen denbora guztian, «inoren laguntzarik gabe eta Estatu espainolaren boikota jasanez». Nazioarteko erakundeetara jotzeko asmoa duela jakinarazi zuen historialariak, «Estatu espainolak nire ikerketa zientifikoari egiten dion boikota salatzera». Liburua horretarako tresna ere bada.