Milioi bat eta erdi euro euskarazko 54 proiektu laguntzeko
Ainize BUTRON
Otsailaren 7an Eusko Jaurlaritza eta Euskararen Erakunde Publikoaren artean izenpeturiko hitzarmen-esparruren lehen ondorioak zabaldu zituzten atzo egituretako ordezkariek. Hitzarmen horren bidez, hizkuntz politikaren alorrean elkarlanean aritzea da egitura horien xedea. Eta, ildo horretatik, lehen urrats gisa, bateraturik finkaturiko 1.450.000 euroko funtsaren bidez berrogeita hamalau pro- iektu diruz laguntzea erabaki zutela jakinarazi zuten. «Bi egituren artean dirulaguntza deialdi bateratua eta publikoa egin da», gogoratu zuen Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.
Lagunduko dituzten proiektuak EEPk 2006an finkaturiko euskararen berreskupenerako planoarekin bat egiten zutela gogoratu zuen, horren harira, Max Brisson erakundeko buruak.
Hizkuntzaren trasmisioa, euskaraz bizitzea eta hizkuntza indartzea dira planoan aipatu zituzten hiru ildo nagusiak.
Belaunaldi gazteak
Euskaltzaindia, Gure Irratia edo Uda Leku elkarteei, zuzenduriko laguntzak gora egiteaz gain, Seaska -aurreko urteetan laguntzak ez ditu jaso- egiturak, besteren artean, diruztatuko dituzte funtsa horren bidez. «Hamar egituren artean laguntzen hiru laurdena banatuko da», argitu zuen Brissonek.
Ohiko erakunde horiek indartzearekin batera, belaunaldi berriekin sail berri bat zabaldu nahi izan zutela gaineratu zuen EEPko buruak.
«Gure xedea Ipar Euskal Herrian euskaldun hiztun osoak sortzea da. Horregatik argitalpenari eman diogu lehentasuna», nabarmendu zuen.
Lehen haurtzaroaren harrera egiturek aurkezturiko bost egitasmo, ikus-entzunezko arloan zabalduriko beste hiru proiektu, euskarazko aisialdi eskaintza zabaltzeko bederatzi egitasmo edo haur eta gazteentzako argitalpenak lagundu dituzte sail horretan ere bai.