GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herri sanferminei buruzko jardunaldiak eginen dituzte larunbatean Iruñean

Gora Iruñea! plataformak sanferminetako egitarauan herritarren parte hartzea bermatzearen inguruko jardunaldiak antolatu ditu larunbat honetarako. Herri mugimenduko eragileak biltzen ditu plataformak.

Jasone MITXELTORENA

Gora Iruñea! plataforma «sozial, kultural eta auzotarra» herri sanferminen alde lanean ari da eta horretarako jardunaldiak antolatu ditu larunbat honetan. Atzo adierazi zutenez, iruindar guztiei dei egiten diete horietan parte hartzera. Jardunaldiak Nabarreriako Auzoenean izanen dira, 16.00etatik aintzinera.

Gora Iruñea! iaz jarri zen martxan Peñen Federazioak, auzoetako jaien koordinakundeek, dantza taldeek, euskararen aldeko eragileek eta herri mugimenduko bertze hainbat taldek bultzatuta. Iazko bestetarako herri egitaraua antolatu zuten «Udalak bere interesen araberako egitaraua antolatzen duelako: jaiak pribatizatu eta herritarren parte-hartzeari bizkarra eman. Herritarrentzat bezala saltzen dira atzerrira begira, baina finean kanpotarrentzako agertokia bertzerik ez dira jai horiek».

Aurten ere egitaraua prestatzen ari omen dira, baina beharrezko ikusi dute herritarren ekarpenak jasotzea. Horien inguruan hausnarketa egiteko eta eztabaidatzeko antolatu dituzte jardunaldiak. Parte-hartzea bultzatzea, bestak modu normalizatuan bizi ahal izatea eta administraziotik datozen erasoei elkartuta aurre egitea dira helburu nagusiak. Izan ere, Udalak, batere ez laguntzeaz gain, herri mugimenduko ekitaldiei trabak jartzen dizkiela eta horien kontra jotzen duela salatu zuten.

Landuko diren gaiak «analisi feminista, auzoak, etorkinak, gune alternatiboa eta txosnak, eta euskara eta euskal kultura» dira, eta jaietan horiek nola bizi diren aztertuko da. Hainbat taldek hartuko dute parte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo