GARA > Idatzia > Euskal Herria

Trafikoa

Lau lagun zauritu dira, bi larriki, Ribaforada, Pasaia eta Koartangon

Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako errepideetan atzo eta herenegun izandako istripuetan lau pertsona zaurituak suertatu ziren, lehen bietan egoera larrian aurkitzen zirelarik. Lehenengo gertaera Ribaforadan izan zen, Nafarroan, asteartean 19.00etan. Herriguneko kale batean 77 urteko herritar bat bizikletan zihoala motor batek jo eta larriki zauritu zuen. Tuterako Sofia Erregina ospitalera eraman zuten eta atzo arratsaldean bertan segitzen zuen, Gobernuko iturriek jakinarazi zutenez. Bigarren istripua Pasaian gertatu zen, atzo goizeko 5.30ak aldera. Lakuako Barne-Sailetik jakinarazi zutenez, N-1 errepidean oinez zihoan 58 urteko gizon bat auto batek jo zuen, eta ondorioz larriki zauritua suertatu zen. Oreretako bizilaguna da zauritutakoa, eta larri eraman zuten Donostia ospitalera. Hirugarren gertaera Araban jazo zen, AP-68 autopistan, Koartango herriaren parean. 9.45 etan Nafarroako matrikuladun furgoneta bat Zaragozarako norabidean zihoala errepidetik atera zen. Ondorioz, 24 urteko bi gazte zauritu ziren eta Gasteizko Txagorritxu ospitalera eraman zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo