salaketa
Nafarroako Ogasunaren egoitzan ikur frankista mantentzea salatu du LABek
LAB sindikatuak Nafarroako Ogasunaren egoitzako leiho batean ikur frankista mantentzea salatu du prentsa-ohar baten bidez. Bere ustez, guztiz gaitzesgarria da Karlo III.ean dagoen egoitza horretan duela gutxi amaitu diren berritze lan handien ondoren frankismoko ikurrak bertan segitzea. Sindikatuak azaldu duenez, aipaturiko leihoa aldatzeak ez luke aparteko gasturik eraginen, kristalezkoa beharrean plastikozkoa baita. Hori dela-eta, «Ikurren Legea hausten duen» gertakari hori Patrimonio Zerbitzuak kontuan hartu ez izana harrigarria iduritzen zaiela jakinarazi du. Horrez gainera, eraikina berritzearen helburua «bulego berri, zabal eta argitsuak eraikiz lantokia hobetzea» izanik, «36ko altxamendu faxistaren ikurra ikusgai duen eraikina modu horretan zikintzea» gaitzetsi du. Horregatik, aipaturiko legea kasu batzuetan «burdinezko eskuarekin» betearazten dute batzuetan eta bertzeetan lege-haustea onartzea salatu du LABek.