GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi | Kazetaria

Urrezko arrautzak ipintzen zituen usoa

Endreda-makila gutxi behar izaten da trantsizio garaietan bazterrak irabiatzeko, batez ere, aldez aurretik kili-kolo dauden egoeretan. Eta agian horregatik lehertu da azkenean gure mundutxoak azken hamarkadetan zeraman zorne tokor handienetako bat. Trantsizio garaiak dira Erresuma Batuan; trantsizio garaiak dira Estatu Batuetan (datorren urteko azaroan ikusiko dugu noraino ailegatzen den aldaketa); eta trantsizio garaiak dira Saudi Arabian (noiz, nola eta noren eskutik etorriko diren norako aldaketak ez dakigun arren).

Sinkronizazio deigarriarekin «The Guardian» egunkariaren eta BBC-ren eskuetara iritsi den datu batek zulatu du zorne mukurua: hamar urte baino gehiagoz, Bandar bin Sultan, hogei urtez Estatu Batuetan enbaxadore izan den printze arabiarrak 1.500 milioi euro baino gehiago jaso ditu isilpeko (eta, 2001az geroztik bederen, legearen aurkako) ordainetan BAE Systems konpainiatik, Erresuma Batuko arma saltzaile nagusia eta munduko handienetakoa denatik. 1985ean martxan ipini zen izen polit (Al Yamamah, Usoa) eta zifra zorabiagarriko kontratuaren baitan legoke dena: 2005ean enpresaren arduradunek aditzera ematen zutenez, aurreko hogei urteetan 30 mila milioi euroren arma salmentak zeramatzaten eginak usotxoaren izenean, eta etorkizunean ia beste horrenbeste egitea espero zuten. Hegazkin, misil eta alor ho- rretako tresneria aurreratuenean, funtsean.

Erresuma Batuak inoiz egin duen arma salmentarik handienari eroskeria operazio handiena ere egokitzeak badu bere logika. Eta agian, horregatik ez da bereziki asaldatu Erresuma Batuko iritzi publikoa. Adituek, bestalde, jakintzat ematen dute «pagotxa» hori dena ez zela Bandar printzearentzat soilik izango, baizik Sudairi leinuarentzat, haren ahaide hurbilenek arabiar errege familian osatzen dutenentzat. Edota familia osoarentzat. Ez da berdin. Azken urteotan Bandarrek «utzitako» enbaxadak, jarraian, bere koinatu eta gusu Turkik «hartu» izanari esanahi berezia aurkitzen diote batzuek.

Britainiarrak benetan haserrarazi dituena, itxuraz, besterik da: aspalditik hizpidean zebilen ustelkeria hau ezkutuan mantentzeko Blairrek, Browne ministroak eta Goldsmith prokuradore nagusiak egin dituzten ahaleginak izan dira. «Arabiarekiko harremanak eta geure herriaren eta nazioartearen segurtasuna» kaltetuko omen zuelako. To!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo