Erruki Ezkurra Mariezkurrena Bai Euskal Herriari
Ilunpetik, konpromisoz eskubide guztien jabe
Herri gisa aritzeko erabakitasun osoa dugu. Gure nazioari dagozkion eskubide guztien aldarria egin eta herri bezala pentsatu, gozatu eta bizi nahi dugulako
Euskal herritarrok XXI. mendera iritsi den Europako herririk, naziorik zaharrena osatzen dugu: Euskal Herria, lehian, egunerokoan, borrokaren bidez gure etorkizuna eskuetan hartzeko helburuarekin.
Nazio garela esatea, aldiz, ez da nahikoa, nazio bezala praktikan urratsak egitean datza nazio izate hori. Horretarako, Euskal Herriak oraina eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea eta aukera izan behar du. Eskubidea eta aukera diogu, estatu espainolarekin eta frantsesarekin lotzen gaituzten kateak askatu eta munduaren aurrean Euskal Herria ordezkatzeko eskubidea dugulako. Aukera diogu, euskal herritarrok gure nahi eta beharrei erantzunen dieten eskubideen defentsa geurea egiten dugulako.
Bai Euskal Herriari eragilean parte hartzen dugun gizon eta emakumeok, naziotasun eskubidearen defentsan dihardugu, horretarako nazio instituzioak sortutako Euskal Herriko Nazio- tasun Aitormena, EHNA delakoa, egunerokotasunean erabiltzen, zer garen eta nor garen aitortzeko. Euskal herritarrak garelako eta horrela aitortzen dugulako EHNA eskuan dugula eskubide osoko herritar gisa bizitzeko hautua egin baitugu.
Gure herriaren ordezkari gisa agertzeko konpromisoa hartu genuen unetik, euskal herritar guztion eskubideen aldarria ere gurea egin genuen. Eta nola ez, euskal preso politikoen eskubideak ere geureak egiten ditugu.
Naziotasun eskubidea ukatu eta egunero urratzen duten horiek euskal preso politikoen eskubideak ukatu eta bortxatu egiten dituzte. Oinarrizko eskubide horiek bermaturik ez dauden heinean, Euskal Herri osoaren oinarrizko eskubideak ere zapalduak dira.
Azken finean, herri okupatua, ukatua eta zatitua gara. Zatiketa politikoa, administratiboa, juridikoa eta lurralde zatiketa pairatzen dugu. Eta horrela nekez egin dezake aurrera herriak. Beraz, guk aurrera egin nahi duen herria nahi dugu, geroa eraiki nahi diogu Euskal Herriari!
Euskal herritar askoren lanaren bitartez ari gara herria eraikitzen, aurrera egiten. Lanaren bitartez, oztopo eta zailtasun guztiak gaindituz, hainbat tresna sortu ditugu gure herriari etorkizun oparoa emateko, eta horretan bidelagun izan ditugu euskal preso politikoak. Euskal herritar askoren lanaren emaitza izan dira Nazio Garapen Biltzarra, Udalbiltza, Gatazka konpontzeko proposamena...
Euskal Herriak etorkizun oparo bat merezi du. Eta etorkizun hori askatasunean erabaki behar dugula ziur gaude, askatasunean eta herritar guztien parte hartzearekin. Izan ginelako gara, eta garelako... izanen gara!
Azken finean, herri gisa aritzeko erabakitasun osoa dugu. Gure nazioari dagozkion eskubide guztien aldarria egin eta herri bezala pentsatu, gozatu eta bizi nahi dugulako.
Gure hizkuntza, gure kultura, ikurrak, historia, herri izaera eta herritarren eskubideak etengabeko erasopean daudelako Euskal Herria nazio izatearen alde borrokatzen dugu! Herri bat garelako, herri libre bezala bizi eta agertu nahi dugulako XXI. mendeko mapa soziopolitikoan!
Bidea luze eta zabala dugu egiteko, batzuetan aldapatsua eta besteetan zelaia. Baina guztiok batera erraz ekinen diogu askatasunaren bideari, errespetuaren bideari, euskal herritar guztien eskubideak bilduko dituen bideari, Ebro zein Atturriko urez bustiriko bideari.
Herri txikia da Euskal Herria populazioari eta zabalpen geografikoari so egiten badiegu. Baina herri handia gara aske izateko konpromiso mailari begiratzen badiogu.
Euskal preso politikoak gurekin behar ditugu benetako bide demokratiko bati heldu nahi badiogu, ezinbestekotzat jotzen baititugu haiek ekartzea eta konpromiso zintzoa.
Beraz, bukatzeko, Bai Euskal Herriari herri ekimenak bat egiten du «Ilunpetik, konpromisoz eskubide guztien jabe izatera» adierazpenarekin eta horren aitzakian antolaturiko deialdi guztietan parte hartzeko gonbita egiten dugu, esate baterako, ekainaren 23an Iruñean izango den manifestazioan parte hartzera.
Geroa eraiki nahi dugulako!