GARA > Idatzia > Kultura

Antzerkia Airean, irrati-fikzioa sustatzeko lehiaketa

Casares Irratiak urteak daramatza irratigintzaren esparruan eta, oraingoan, Antzerkia Airean lehiaketaren bigarren edizioarekin dator. Irrati-fikzioa sustatzea du xede eta lanak aurki izango dira entzungai uhinetan eta sarean. Epea larunbatean amaituko da.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Donostiako Casares Irratiak bigarren urtea du Antzerkia Airean lehiaketa antolatzen. Irratigintzaren esparruan antzerki eta fikzio lanek betetzen zuten tarte eskasa aintzat hartuta, genero hori sustatzeko ekimena izan zen iazkoa eta, jasotako erantzuna aintzat hartuta, bigarrenari ekin diote aurtengoan. «Gaur egungo irrati komertzialean hiru gauza hartzen dira kontuan -azaldu dute-: publizitatea, musika eta kirola. Irrati-antzerkia, estilo radiofoniko gisa, garrantzitsua iruditzen zaigu eta hau landu nahi duen jendea badagoela ikusi dugu».

Epea zabaldu zenetik hona ekimenak erantzun ona izan du. Lanak Euskal Herritik eta kanpotik -bai Estatu espainoletik bai Hego Amerikatik, lanak euskaraz eta gazteleraz aurkez baitaitezke- jaso dituzte eta, nagusiki, irratigintzan eta antzerkigintzan dabiltzanak eta publizitate edota kazetaritza ikasleak dira parte-hartzaileak. Hala ere, lan gehienak azken egunetan iristen direla azaldu eta epea oraindik ere zabalik dagoela gogorarazi dute: hilaren 15ean amaituko da eta lanak (CD euskarrian eta gehienez 15 minutuko iraupena dutenak) Casares kultur etxean (Darieta bidea, z/g) aurkeztu behar dira. Gerora, lanak irratian emitituko dira -betiere, egilearen baimenarekin-, uztailean Donostian egiten duten Antzerki Feriaren barnean, eta euren webgunean ere zintzilikatuko dituzte, edonork edonoiz entzun ditzan.

Programazio «berezia»

Ez da hori, ordea, Casares Irratiaren proposamen bakarra. Donostia Kulturak kudeatzen dituen kultur etxe bakoitzak espezializazio bat jorratzen du eta, Altzako honen kasuan, irratigintza eta komunikazioa lantzea du helburu. Hartara, zenbait ikastaro proposatu eta euren irratiak saioak sortzeko aukera ere ematen du.

«Hasi ginenean -azaldu dute-, 90eko hamarkadan, ikastaroak soilik ematen genituen. Gerora irratia sortu eta, egun, irratiko tresnak menperatzen dituztenek saioak sortzeko aukera dute. Eta gure programazioa nahiko berezia da; ohiko irratietan sartu ezin dutenek hemen dute aukera, esaterako, badugu saio bat egiten duen jubilatu bat, eta aukera hori ez zaie askotan ematen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo