GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Ofizialtasunaren faltan, aldarrikapenak eta jaiak bat egin zuten beste behin

Ekin eta ekin, elkarrekin, aurrera egin. Euskal Selekzioaren egunaren bederatzigarren edizioko antolatzaileek lelo hori bere egin eta ofizialtasuna lortzeko bidean aurrera egiteko konpromisoa berretsi zuten atzo leitzan. Jaiak eta aldarrikapenak bat egin zuten, baita borondate politiko ezaren salaketa ere bai.

«Borondate politikoa egonez gero, herri honek selekzio ofizialak izango lituzte». Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeko (ESAIT) presidente Itziar Arratibelek horixe nabarmendu zuen atzo Leitzan, Euskal Selekzioen Egunaren irekierako ekitaldian.

«Euskal selekzio ofiziala orain» eta «Ekin eta ekin, elkarrekin, aurrera egin» leloa zuten pankarten itzalean, Arratibelek adierazi zuen bederatzigarren urtez jarraian antolatutako festa ez dela jai soila. «Orain arteko euskal selekzioaren egunak bezala, egun osoko jaia eta aldarrikapen eguna izateko asmoarekin antolatu dugu aurtengoa ere bai. Jaia bai, baita aldarrikapena ere», esan zuen, eta Euskal Herriak selekzio ofizialak lortu arte aldarrikapen hori lau haizetara zabaltzen jarraituko dutela aurreratu zuen.

«Orain arte egin ditugun urratsak ez dira gutxi izan, baina tamalez ez dira nahikoak suertatu. Izan ere, oraindik ere herri honek ofizialki ez baitu nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko aukerarik izan eta oraindik ere, lurralde zatiketaren gainetik, ez baitu federazio nazionalik sortzea lortu», azaldu zuen Arratibelek.

ESAITeko presidenteaz gain, oholtza gainera Udalbiltzako kirol arduradun eta Leitzako ezker abertzaleko zerrenda burua ¯EAE-ANV alderdi bozkatuena izan zen Leitzan joan den hauteskundeetan¯ igo ziren. «Udalbiltzak, Euskal Herriko lehen erakunde nazionala izanik, ESAITi babesa ematen jarraituko du», adierazi zuen lehenak. Xabier Zabalok, datozen egunetan Leitzako alkate kargua eskuratuko duenak, ordea, ezker abertzaleak euskal selekzioa bultzatzeko konpromisoa berresten duela nabarmendu zuen.

Ikurrinaren igoera

Agerraldien txanda baino lehen, zanpantzarrak plazan sartzearekin batera, euskal selekzioen aldeko jaia abian jarri zen 11.30ak aldera. Txalaparta doinuen ostean, ikurrinaren igoerari ekin zioten Udalaren aurrean. Bi dantzarik agurra dantzatu zuten ondoren, plazan bildutakoen begiradapean.

Irekierako ekitaldia eta gero, jardunaldirako antolatutako ekimenei eman zieten hasiera. Mikel Zubia xake jokalaria izan zen arreta bereganatu zuen lehena. Bederatzi partida aldi berean jokatu behar izan zituen une batean, berarekin lehiatzera ausartu ziren haur eta helduen aurka. Zenbait haurri erregina oparitu zien partidei emozioa emateko eta beste batzuekin tablak sinatu zituen. Zubiak, aldiz, ez ustea jaso zuen haurra besoetan zuen gizon batekin. «Defentsa frantses bat egin dit, eta konturatzerako partida galdua nuen», esplikatu zuen irribarrea ezpainetan zuela.

Xake partidetatik oso gertu, Leitzan bildutakoek Udaleko arkupetan jarritako postuetan taloak jateko edo euskal selekzioen aldeko aldarrikapena soinean zuten kamisetak eta arropa erosteko aukera izan zuten. Erosketaren bat egin edo trago bat hartzen zuten bitartean, gurasoek aukera bazeukaten haurrak puzgarrietan jolasean edo plazan antolatutako ekimenak ikusten uzteko.

Euskal kirolak, ikusgai

Hala, pilota eta euskal kirolak ikusgai izan ziren goiz osoan. Sokatira eta trontzalariak, besteren artean. Era berean, bazkaria egin zuten eta arratsaldean txakur erakustaldia antolatu zuten, trikitiaz eta batukadaz girotuta. Xirimiria agertu zen goizean, baina gero, euskal selekzioen aldeko bazkarian parte hartzeko edo, indartsu bota zuen.

Euriak euri, Euskal Selezioaren Eguna arrakastaz ospatu zuten, jardunaldia aurrera joan ahala, jende gehiago hurbildu baitzen. Denak xede berarekin: ofizialtasuna aldarrikatzeko.

Horiek hala, ESAITek antolatutako jai horren bederatzigarren edizioa itzaltzen joan zen pixkanaka-pixkanaka. Leitzakoa Nafarroan izandako bigarren festa izan zen. Aurrenekoa, 1999. urtean hain zuzen ere, Oiartzunen izan zen; bigarrena, Bilbon; hirugarrena, Tolosan; laugarrena, Arbizun; bostgarrena, Senperen; seigarrena, Agurainen; zazpigarrena, Algortan; eta iazkoa, Zarautzen.

Aritz SORZABAL

ERAKUNDEEN ARDURA

ESAITeko lagunek argi utzi zuten erakundeek ardura zuzena dutela selekzioaren ofizialtasuna lortzeko bidean. «Borondate politikoa egonez gero, herri honek selekzio ofizialak izango lituzke», nabarmendu zuen Itziar Arratibelek.

BEDERATZIGARRENA

Euskal Selekzioaren Egunaren bederatzigarren edizioa izan zen Leitzakoa, Nafarroan izandako bigarrena. Aurretik, Oiartzunen -lehenengoa, 1999. urtean-, Bilbon, Tolosan, Arbizun, Senperen, Agurainen, Algortan eta Zarautzen antolatu zituzten.

KOMPROMISOA BERRETSI

Udalbiltzak eta ezker abertzaleak, erakunde nazionaleko kirol arduradunaren eta Leitzako alkategaiaren izenean, ESAITi babesa ematen jarraituko dutela eta helburua lortzeko lan egiteko prest daudela berretsi zuten.

HAMAIKA URTE

ESAIT duela hamaika urte sortu zuten, Euskal Herriak selekzio propioa izan dezan helburuarekin. Orduz geroztik, atzoko jaien gisakoez gain, mahai inguruak, hitzaldiak eta prentsaurrekoak egin dituzte ofizialtasuna aldarrikatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo