GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Presoak ezin dira aske izan, Euskal Herria inposiziotik libre ez bada»

Orain 30 urte Euskal Herriko kaleek amnistia eta askatasunaren aldarria hartu zuten astebetez. Egun haietan baina, gogor jipoitu zituzten eskaera ahoan kalera irten ziren milaka eta milaka lagunek eta 7 pertsonak bizia galdu zuten Poliziak abiatutako errepresioaren biktima. Atzo Errenteriako kaleek egun haiek gogora ekarri eta hildakoak omentzeaz gain, amnistiaren aldeko aldarri hura berreskuratu zuten eta ozen egin zuten gainera.

Maider EIZMENDI |

Errenteriako kaleetan barrena amnistiaren aldeko ohiua hartuta ibili ziren askok, kontatutakoaz ezagutuko dute, seguru aski, 1977ko maiatzaren 9a eta 15a bitartean Euskal Herriko kaleak aztoratu zituzten gertaerak, «Amnistiaren aldeko bigarren astearen» harira gertatutakoak, alegia. Zazpi euskal herritarrek -Gregorio Maritxalar, Rafael Gomez, Clemente del Caño, Jose Luis Cano, Luis Santamaria, Manuel Fuentes eta Francisco Javier Nuñez- galdu zuten bizia eta beste hainbatek jipoi ederrak poliziak abiatu zuen errepresioaren biktima.

Atzo, hogeita hamar urte igaro direnean, Orereta Euskal Herria 1977-2007 ekimenak bultzatuta Amnistiaren Nazio Eguna egin zuten Errenterian helburu bikoitzarekin: astea latz hartan hildako lagunei omen egitea eta amnistiaren aldeko ohiua berriz ere entzunaraztea.

Askatasuneko bozeramaile, Juan Mari Olanok, Errenteriako kaleak zeharkatu zituen manifestazio jendetsuaren osteko ekitaldian azaldu zuenez, oinarrizkoa da orain 30 urte eragile batzuk hartutako erabaki politikoak gogora ekartzea eta Euskal Herrian eragin dituen ondorioak aintzat hartzea.

Alde horretatik, EAJren jarrera ahotan hartu zuen eta «orduan ere etsaiarekin paktoa egin» zutela nabarmendu nahi izan zuen. «Gatazkaren jatorriaren gakoak konpontzen ez badira, gaztazkak iraunen du herri honetan» azaldu zuen eta une horretan borroka luzerako herritarrak prestatu eta amnistiaren aldeko batzordeei hasiera eman zitzaiela gogora ekarri zuen. «Herri eta auzoetako borroketatik etorritako herri mugimendua, asanbleario, irekia, zabala eta borrokalaria». Ondorengo urteetan kokatu zituen Olanok, «LOAPA legea, espetxe politika kriminala, lege antiterroristak...». Eta guztia zertarako eta «herri honen askatasunaren alde guztiz inplikatua zegoen herri sektore sozial eta politiko zabalaren aurka jarduteko». Hala eta guztiz ere, Euskal Herriak aurre egiteko kemen handia izan duela nabarmendu zuen, jakin badakielako «askatasunean eta justizian oinarritzen den etorkizun bat, gizon eta emakume guztiok aske izango garen egoera bat, proiektu politiko oro gauzatu ahal izan daitezkeen egoera demokratiko bat, herritarren babesarena eta ez Frantziako edota Espainiako konstituzioen mugarra bakarra izango duen egoera posible dela».

«EAJk ordungo lepotik burua»

Olanok orain 30 urteko eta egungo egoeraren artean antzekotasun handiak nabarmendu zituen. «Herri indarra, gehiengo sozial eta politiko bat konbikzio bat, beste aukera politiko bat, gatazka armatu eta politikoa gaindiktzeko aukera handi bat dagoenean, jeltzaleek ordungo lepotik orain ere burua».

Alde horretatik, ETAk iazko martxoan suetena iragarri zuenetik, ezker abertzaleak «duen guztia» mahai gainean jarri duela esan zuen eta trukean «errepresioa eta ilegalizazioa jaso du». «Ezker abertzaleak -zehaztu zuen- Anoetan finkatutako metodologia jarri du eta Anaitasunasunan eta Ustaritzen konponbiderako akordioaren mami politikoa». Aldean, PSOEk «errepresioa, inposizio politikoa eta inpunitatea» jarri dituela nabarmendu zuen. EAJk, berriz, «gatazka konpontzeko herri honi eskaini dion porposamena Josu Jon Imazi entzundako proposamen garbia eta krudela da: independentisten aurkako itun antiterrorista bat».

Horiek hala, «errepresioa gordindu egingo dutela» aurreratu zuen Olanok. «Arnaldo Otegi gehiago atxilotuko dituzte, Inaki de Juana gehiago dispertsatuko dituzte, baina 187.000 Arnaldo, Iñaki de Juana edo Jose Mari Sagardui daude herri honetan, egoera zailenetan ere erantzunkizunez jokatzen dugulako, herri horretan sinesten dugulako».

Oinarrizko jo zuen, horregatik, errepresioari aurre egin eta oinarri demokratikoak egikaritzea; eta marko demokratikoaren aldeko indar metaketa indartzea.

Inkomunikazioa eta tortura

Aurretik, hitza TATeko kide Nekane Txapartegik hartu zuen eta tortura eta «hori ahalbidetzen duen inkomunikazioa izan zituen ahotan». «Duela 30 urtetik hona 7.000 euskaldunek baino gehiagok jasan ditugu torturak, tortura ahalbideratzeko eta ezkutatzeko sistema oso baten pean», adierazi zuen, helburu bakarra, «euskal independentismoarekin bukatu eta izua zabaltzea» dela esatearekin batera.

«Totura Auzitegi Nazionala eta inkomunikazio erregimenaren babesean bizi da -jarraitu zuen-, bai eta demokrata deitzen diren politikarien hipokresiaren aterkipean ere». Txapartegik, ordea, tortura desagertze bidean eman diren pausoak goraipatu zituen, Elorrion tortura jasan duten pertsonek egindako Batzar Nazionala eta bertatik atera zen manifestua aipatu zituen adibide. Bide berean, ekainaren 26an ipini zuen hurrengo hitzordua, egun horretan tortura jasan duten pertsonen Elkartasun Egunean Bruselarako martxa antolatu baitute «Estatu espainolaren demokrazia eza eta oraindik ere euskal herritarrak inpunitate osoz tortutatzen» ditutela salatzeko.

Presoen kolektiboak jasandako erasoei ere egin nahi izan zien tarte atzo eta Itziar Galardi euskal preso ohiak hartu zuen hitza. EPPK kolektiborik indefensoena dela adierazi zuen eta horren kontra sorturiko politika eta asmaturiko trikimailuak hamaika direla adierazi zuen. Hala, adibide gisa jarri zuen dispertsioa. «Dispertsioak zentzugabeko sufrimendua eta heriotza eragiten ditu, kolektiboa zatitzeko asmoek eta senideak zigor inposaketak ez ditu euskal herriaren aldeko borrokatik aldendu». Alde horretatik, EPPKtik egindako ahaleginak nabamendu eta otsailean egindako borrokaldia goraipatu zuen. «Euskal Herrian soluzio politikoa bultzatzeko konpromisoa hartu zuen, autodeterminazio eta amnistia izanik gatazka gainditzeko urratsa ezinbestekoak». Hala, amnistia «bere zentzu osoan» lortzeko premia aldarrikatu zuten «presoak ezin baitira aske izan Euskal herria inposiziotik libre ez den bitartea». Ekitaldian ere taulagainean izan ziren 1977ko maitza hartan hil ziren herritarren senideak eta eurei eta ordutik hona errepresioaren biktima hil diren pertsona guztiei dantzatu zien agurra hamaika dantzarik. Eurentzat ere, Erramun Martikorenaren bertsoa eta bertaratutako pertsona guztien txalo zaparradak.

Ekitaldiaren ostean, asko, Koldo Mitxelena plazan egin zen bazkarira bertaratu ziren eta arratsalde partean, musika doinuez gozatzeko aukera izan zuten, bai eta Txan magoaren ikuskizunaz ere. Goizean bertsolari eta aizkolariek hartu zuten berriz, amnistiaren aldarriaren testigua.

Ertzaintza

Lekukoen arabera, goiz partean kartelak kentzen aritu ziren hainbat ertzain. Manifestazioaren amaieran berriz agerraldia egin zuten eta tentsio uneak eragin zituzten. Aurretik, kalez jantzita agertu ziren, aurpegiak estalita bazuten ere. EFE agentziak jaso zuenez, «Barne Sailak abisua jaso zuen enkaputxatutako pertsonak zeudela esanaz».

Pankartak

Errenteria osoa hainbat pankartaz jantzita esnatu zen atzo. Paretetan kokatuta batzuk, eraikuntzetako lanei ere probetxu atera zien horiek ipintzeko.

Aurpegi ezagunak

Batasuneko eta EAE-ANVko ordezkariez gain, ezker abertzaleko ordezkari historikoak ere izan ziren tartean, bai eta kultura munduko ordezkariak ere.

Otxandio

Presoen eskubideen alde egiten diren hainbat mobilizazioren harira, Otxandion 30 pertsona elkarretaratu ziren atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo