GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ekitaldiz lepo eta aldarrikapen ugarirekin egin dute Zubietan Eskola Txikien jaia

Maider EIZMENDI |

Zubieta Eskola Txikien topagune bilakatu zen atzo goizean goizetik han eta hemen egin ziren ekitaldiekin. Gipuzkoako Eskola Txikietako ikasleak bilakatzen dira jai honetan protagonista eta ardatz eta euren gozagarri antolatu zituzten hainbat ekitaldi. Hala, goizean goizetik lau gunetan banatutako jokuetan parte hartzeko aukera izan zuten. Arratsalde partean, berriz, pottokan ibiltzeko parada eta Pirritx eta Porrotx pailazoen ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten. Bapo pasa zuten Zubietako gaztetxoek bai eta Gizpuzkoa osotik etorritako lagunek ere.

Errauste plantaren arriskua

Eguneko ekitaldirik garrantzitsuena baina eguerdi partean izan zen. Lekuko aldaketa ekitaldiko ohitura jarraiki, «eskola txikiak arriskuan jartzen dituzten gertaera eta egoerak nabarmentzen dira, eta Zubietako eskola ezerk arriskuan jartzen badu, hori errauste plantaren proiektua da, eskolaren egoitzatik kilometro eskasera kokatzeko asmoa baitute». Hala, azaldu du jaiaren antolaketa taldeko kide Denis Elortzak.

Egunaren amaieran, jaiaren antolaketa taldeko kide Denis Elortza pozik zegoen «guztia primeran irten baita». Eguraldiaren beldur izan zirela aitortu zuen, baina azkenean ekitaldi batzuk barrura sartu eta joko garbian jokatzeko aukerarik izan ez bazuten ere, balorazio positiboa zuten. «Izugarrizko lana da herri txiki batean horrelako jaia antolatzea, baina emaitza ikusita guztiak merezi izan du».

Atzoko jaiak datorren urtekoari eman zion bide. Goierrin ospatuko da 2008an Eskola txikiaren jaia, Zegaman, hain zuzen ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo