GARA > Idatzia > Mundua

Estatu Batuek Kosovoren independentzia onartuko dutela iragarri du Bushek

GARA |

George Bush AEBetako presidentea Kosovoren independentziaren alde azaldu zen atzo Albanian egin zuen agerraldian, eta (NBE) Nazio Batuen Erakundearen jokaera kritikatu zuen, erakunde horrek ez duelako oraindik Serbiaren baitan dagoen herrialdearen etorkizunari buruzko erabakirik hartu. Izan ere, NBEn akordioa adosteko aurrerapausorik ematen ez bada, bada garaia esateko «nahikoa da, Kosovo independentea da», bere iritziz.

Adierazpenokin, AEB Albaniaren independentzia onartzearen alde azaldu da, nahiz eta NBEren barruan horren gaineko erabakirik ez egon, eta Errusiaren oposizioa ezagututa ere. Hala ere, Gordon Johndroe Etxe Zuriko eta Segurtasun Kontseiluko bozeramailearen arabera, Bushen adierazpenak Estatu Batuek «NBEren Segurtasun Kontseiluaren esparruan baino ez duela jarduten».

Sali Berisha Albaniako lehen ministroarekin batera egin zuen prentsaurrean, herrialdeko ordezkariek Europako eta Errusiako diplomatikoekin eta negoziatuko dutela esan zuen Bushek, jarrera komun bat bilatzeko helburuarekin, eta gaineratu zuen «munduak ideia on bat dela esan dezan, modua bilatzeko ahalegina egin behar» dela.

«Gauza da jada pentsatuta dagoen gai bati buruzko elkarrizketa amaiezina egongo den. Kosobon ipinitako itxaropenak bete ahal ez izanak kezkatzen nau», esan zuen, eta horregatik «prozesuak aurrera egin dezan presionatzen jarraituko dugu», nabarmendu zuen. Alde horretatik, Condoleezza Rice Estatu idazkariak «akordioa hartzeko gogor presionatuko» duela esan zuen presidente estatu batuarrak, eta akordiorik ez badago «jokatu beharko dugu, independentzia helburua delako».

Era berean, Nicolas Sarkozy Estatu frantseseko presidenteak Alemanian izan den G-8koen gailurrean egin zuen proposamenaz, (kosobarren independentziari Errusiak jartzen dizkion eragozpenei irtenbidea emateko sei hilabeteko luzamendua eskatu zuen), planteamentuak azken helburua independentzia bada bakarrik funtzionatuko duela esan zuen.

NBEren barruan lantzen ari da Kosovoren etorkizunari buruzko prozesua eta geldirik omen dago, Serbiaren aliatu tradizionala Errusia independentziaren kontra baitago, eta beto eskubidea erabiltzearekin mehatxu egin du, Segurtasun Kontseiluan horri begirako edozein erresoluzio blokeatzeko.

Prozesua geldirik dago

Otsaila hasieran Martti Ahtisaari NBEko berriemale bereziak aukeztutako planak nazioartearen tutoretzapeko independentzia aurreikusten du egun Serbiako administraziopean dagoen herrialdearentzako.

NBEk mahai gainean duen planaren arabera, Europar Batasunak Kosovoko gertaerak begiratuko lituzke gutxienez bi urtez, eta epe horretan gutxiengo serbiarra babestuko luketen instituzioak ezartzeaz arduratuko litzateke. Vojislav Kostunica lehen ministro serbiarrak «erabat» errefusatu zuen plana, eta «Serbiari lurraldearen %15 kentzen diola» esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo