GARA > Idatzia > Kirolak

SEGA | Gipuzkoako Txapelketa

Arrate Garinek lortu du nesken lehenengo txapela

Sei partaide izan ziren garaipenaren atzetik, eta Legorretakoa izan zen azkarrena. 18 segundoko aldea kendu zion Maria Luisa Gabirondori

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Arrate Garinek irabazi zuen atzo Zizurkilen emakumezkoen Gipuzkoako txapela. Sei partaide izan ziren lehian, eta nazioarteko erara izan zen. Amaieran legorretarrak 18 segundoko aldea kendu zion Gabirondori. Azken horrek irabazi berri du lehiaketa bat Alemanian, baina atzo ezin izan zuen txapelik jantzi.

35 metro karratuko bi belar sail izan zituzten lanerako, eta Garin izan zen denetan azkarrena. Legorretakoak, 3 minutu eta 30 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko. Proba honetan abiadura eta txukuntasuna uztartzen dira. Ez du azkar mozteak bakarrik balio, txukun ere moztu behar izaten da, bestela zigorrak izaten baitira.

Maria Luisa Gabirondo zen faboritoa, eta berak ere ez zuen lan txarra egin, baina ezin izan zuen Gipuzkoako lehiaketa irabazterik lortu. 3 minutu eta 48 segundo behar izan zituen. Hortik atzera alde handia izan zen. Atzokoan, lehenengo bietatik besteetara aldea dagoela ikusi zen. Hirugarren, Gorostidi sailkatu zen, lau minutu eta 49 segundo izan zen bere denbora. Igartua geratu zen laugarren, eta 5.13 izan zen bere denbora. Urbieta izan zen bosgarrena, 5.29ko denborarekin, eta Olano azkena izan zen 5.37ko denborarekin.

Gabirondo, mutiletan

Atzo Zizurkilen, nesken saioaz gain, mutilena ere jokatu zuten, eta Joxe Gabirondo izan zen onena. Atzokoa Gipuzkoako Txapelketako bigarren kanporaketa zen, eta nazioarteko erakoa zen. 100 metro karratuko bi sail moztu behar zituzten, eta nesken kasuan bezalaxe, azkartasuna eta txukuntasuna uztartzen ziren.

Gazteluarrak jaun eta jabe izan ziren atzoko saioan lehengoa eta bigarrena izan baitziren. Gabirondo izan zen onena, eta 7.00 izan zen bere denbora. Bigarren Goikoetxea izan zen, eta honen denbora 7.43 izan zen. Hirugarren, berriz, Ormaetxea sailkatu zen, lehen jardunaldiko irabazlea, eta horren denbora 7.56 izan zen. Laugarren Alkorta sailkatu zen, eta 8.19 izan zen bere denbora. Azkena, berriz, Arteaga sailkatu zen 8.20ko denbora eginda.

Bi kanporaketa jokatu dituzte eta bakarra geratzen da lehen fasea amaitzeko. Bi jardunaldiren ostean honela dago sailkapena: Gabirondo eta Ormaetxea doaz lehen postuan 13na punturekin; atzetik Goikoetxea eta Alkorta 8na punturekin eta azkena, Arteaga 3na punturekin. Lehenengo saioa betiko erara izan zen, eta azkenekoa ere hala izango da. Lehenengo lauak sailkatuko dira finalera, eta gauzak dauden moduan, Arteagak gauzak oso zail dauzka.

Euskal Herrikoa

Herenegun, berriz, Lantzen jokatu zuten Euskal Herriko Txapelketako bigarren kanporaketan, eta ez zen ezusterik izan, Lapazaranek eta Ormaetxeak lortu baitute finalerdietan izateko txartela.

Segalariek orduerdia zuten lanerako, eta Ormaetxeak moztu zituen kilorik gehien. Orendaingoak 2.185 kilo belar moztu zituen. Bigarren Lapazaran sailkatu zen, eta bizkaitarrak 2.084 kilo moztu zituen, eta azken postuan sailkatu zen Mariñelarena. Nafarrak 1.709 kilo belar moztu zituen. Telletxea ere aritzekoa zen, baina nafarra min hartuta dago, eta ezin izan zuen parte hartu. Bi kanporaketa jokatu dituzte, eta Ormaetxearekin eta Lapazaranekin batera Goikoetxea eta Arteaga ere sailkatuta daude. Goioaga, Gabirondo eta Alkorta neurtuko dira datorren igandean Gasteizen, lehen faseko azken kanporaketan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo