Julen MURGOITIO
Erloju baten askatasuna
Lehengoan zen gertatu, Kosovo izan nahi duen Kosovon gertatu ere, ni oker ez banago behinik behin. Itxura batean, Amerikako Estatu Batuetako gobernuburu den eta Munduko Estatu Batuetako gobernuburu izan nahi duen apo handiak bisita egin zien kosovoarrei, seguruenik hauek horrelakorik eskatu gabe. Eta horra! kaletik zihoala ezker-eskuin, ahoa bete hortz, hurreratzen zitzaion kristo guztiari bostekoa luzatzen, konturatu orduko ene! nire erlojuarenak egin du! pentsatuko zuen, horretarako ohitura ez badu ere, eskua arinagoa zuela igarri eta erlojua falta zuela ikustean. Baina ordurako lar berandu zen, erlojua kosovoeraz hitz egiten zuen esku batean zegoen kale haren muturretik. Erlojua ostu ziotela diote, baina egia dena da erlojuak kale egin ziola. Hobe esku osoa bera ostu izan baliote, atzamarrak eta guztiz, Nobel Saria mereziko luke lapurrak harrezkero; atzamarrez betetako eskua ostuta ez zuen apoak aginduak emateko aukera fisikorik izango, bonbardatzeko helbururik seinalatzeko ere ez, eta mundua baketsuagoa izango zen horren ondorioz. Hobe ere eskua barik beso osoa bera ostu izan baliote, bere ereserki mingarria tente entzutean besoak eskua lurtar arruntek bihotza izaten duten leku aldera eraman ez diezaion. Hobe ere burua ostu izan baliote di-da batean kale haren bazterrean, nahiz eta, seguruenik, inor ez zen horretaz konturatuko. Hobe gorputz-adarrak ostu izan balizkiote, Etxe Zuritik arrastaka ibili beharra izateko. Hobe lepoa besterik utzi izan ez baliote, lepokoa jarrita lepotik lotuta eramateko. Bai, presidente jaun txit gorenari erlojua ostu diotela diote, baina nire uste apalean, ez da horrela izan, han ez zen lapurrik izan, lapurra izateak merezi izan balu ere; erlojuak berak hartu zuen erabakia, esku hartatik alde egin eta beste esku batera joatekoa. Seguruenik, neke-neke eginda egongo zela erlojua apo handiari egunez eta gauaz ordua ematen, senatuan aginduak ematetik noiz etorri edo urruneko basamorturen batean demokraziaren izenean jausitako marinearen hilkutxaren gainean izarrezko oihala ipintzera noiz joan abisatzeko guztiz nazkatuta. Askatasuna lortua du jada erloju horrek, dagoen eskuan dagoela ere; aurrerantzean ez dakit zeini emango dion ordua, baina ez behintzat munduko jendarmea izan nahi duen apoari. Orain apoak duen erloju berriarena da arazoa, gizajoa.